: Amaia Telleria
: Zuhara. Itsasoaren deia
: Alberdania
: 9788498686784
: 1
: CHF 6.80
:
: Fantasy
: Basque
: 144
: kein Kopierschutz
: PC/MAC/eReader/Tablet
: ePUB
 Zuhara lekuz kanpo sentitu izan da beti. Ingurukoekin asmatu ezinik, ezberdina, arraroa sentitzen da. Besteen aldean hutsala eta aspergarria. Bere urrezko adatsekin eta ozeanoaren koloreko begiekin, munduan galdua. Bat-batean, azaleko alergia batek zabalduko du familiako sekretuen kutxa. Bizitza hankaz gora jarriko diona. Ustekabean, amak bizitza berri baten aurrean jarriko du Zuhara. Itsas azpian bilatu beharko ote du bere iparra? Bigarren aukera izango du neskatoak. Bere tokia bilatu beharko du jendarte erabat berri batean. Sortzen zaizkion egoera arrotzei aurre egin, eta bidean bere benetako nortasuna ezagutzen hasi. Ez du erronka makala. Baina garbi dauka ezin duela huts egin...

 AMAIA TELLERIA MUJIKA (Idiazabal, 1993). Lehen hezkuntzako irakaslea da, eta Bergarako Idazle Eskolan gradu-ondokoa egin zuen. Ipuinak argitaratu ditu zenbait aldizkaritan, eta narrazio laburrak saritu dizkiote Koldo Eleizalde, Gordexola Harana eta Errenteria Hiria lehiaketetan, besteak beste. Haize-lekuak eleberria argitaratu zuen 2020an, ALBERDANIAn. 

Etxolako gauetara ohitzea nekeza izango zen; haizearen uluek lo hartzen utzi ziotenean, Aizkorpeko bailararekin amets egin zuen lehenengo gau hartan. Mendiko bota lokaztuak oinetan, herritik ihesi zihoan, hegian gora, bakardadean galdu zen arte. Gero, aldiz, besoetako azkura jasanezina egiten zitzaionean, amaren aurpegia azaltzen zitzaion, amonarenera joan behar zutela esanez. Gurasoak eztabaidan, eta amaren ziztada mingarria: «Aitor, ez izan zeurekoia, zer utziko du, ba, hemen? Ez dauka lagunik!». Segidan, aitaren aurpegia, zurbil eta itzalia, amak arrazoi zuela, itsasoko brisak mesede egingo ziola. Amak bere belar-dendako pertsiana jaitsi eta maleta egiteko agintzen zion Zuharari. Trasteak trasteen atzetik: luzerako zihoazen.

Amorruaren amorruz esnatu zen goizaldean. Buruarekin zintzilikario bat jotzean jabetu zen itsasoaz, amonaren etxeaz eta bere bizitza berriaz. Oinutsik gerturatu zen gela nagusira, ezkerreko besoa hatzez aztertuz: ez zuen azalaren erreakzioa hain azkarra izatea espero, ia leuna zegoela esan zitekeen, betiko kolorekoa… Non zeuden aurreko egunetako azal altxatuak eta zilar koloreko ezkata desatsegin haiek?

–Egun on, Zuhara! Esnerik? –amonak sutan zegoen eltzea altxatu zuen kirtenetik helduta, irribarretsu. Ondoren, lihozko soineko luzea airean dantzan zeramala amarengana gerturatu zen, hark esku artean zeukan katilu hutsa betetzeko. Arima bat ematen zuen amak, begi-zuloak bakarrik ematen zioten aurpegian kolorea–. Zuhara? Bai?

–E… bai, bai. –egurrezko aulkian eseri zen, aho zabalka.

Amona sukalde ñimiño hartan hara eta hona zebilen gelditu gabe, neurri eta kolore guztietako platerez hornituta zegoen mahaia are gehiago betetzeko. Opilak, olioa, gurina… Sardinzarrak gosaltzeko? Nork nahi izan zezakeen halakorik?

–Ama, eseri zaitez, behingoz –hitz egin zuen lehenbizikoz Zuhararen amak.

–Zer? Bai, banoa. Behar duzuen guztia duzue?

–Norentzat dira sardinzarrak? –galdetu zuen Zuharak.

Amak kopetilun begiratu zion amonari, eta honek besoak altxatu zituen. Aurreko eguneko likorearena ote zen mahai gaineko botila? Edo haren antza zuen beste bat zen?

–Bueno, lehenengo eguna elkarrekin. Ondo egin al duzue lo? –Erantzuteko betarik eman gabe jarraitu zuen amonak, katilua airean dantzatzen zuel