: Anjel Lertxundi
: Otto Pette
: Alberdania
: 9788498684063
: 1
: CHF 5.60
:
: Erzählende Literatur
: Basque
: 464
: Wasserzeichen
: PC/MAC/eReader/Tablet
: ePUB
Erdi Aroan gaude. Landetxe gorde bateko bakardadean bizi da Otto Pette, iraganaren oroipen kiskaliak ahanzturaren hautsez estali beste egitekorik gabe. Arrotz bat etxeratu zaio, ordea, eta konturatu orduko, bertan ostatu hartu ez ezik, nagusiaren lekua ere bereganatzen hasi da sarkina. Etxetarra, ezinbesteak hartaraturik, arrotzaren nortasunari antz ematen saiatuko da, berak galtzeko arrisku guztiak dituen hitzezko borroka baten arian. Bi solaskide-aurkariek, supazterreko hauts zaharrak beren jardun etsian txandaka hauspotuz, hil irudi lo zeutzan ilinti zaharrak piztuko dituzte. Itxura anitzeko mamuen argi-itzalak biziaraziko ditu su garberrituak, Herioren atari dirudien sala ilunean. Suntsiduraren bezperan, errauts gristuek lazkeria sarrien beltza eta amodio bakanen zuria oroituko dituzte, eta beren bizialdiko egi-gezurrei setati eutsi nahi dieten arrotz-etxatarrei sentiaraziko gizaki oro dela ihesle eta etxegabe, oro arrotz: bere baitan ere arrotz.

Anjel Lertxundi (Orio, 1948). Hunik arrats artean (1970) ipuin bilduma izan zen argitaratu zuen lehen liburua. Bereak dira, besteak beste, Goiko Kale (1973; ALBERDANIAn, 2000), Aise eman zenidan eskua (1979), Hamaseigarrenean aidanez (1983), Carla (1989), Lurrak berdinduko nau (1990), Kapitain Frakasa (1991), Otto Pette (1994), Piztiaren izena (1995), Azkenaz beste (1996), Argizariaren egunak (1998, Euskadi Literatur Saria), Lehorreko koadernoa (1998), Zorion perfektua (2002), Ihes betea (2006), Zoaz infernura, laztana (2008), Etxeko hautsa (2011) eta Horma (2017) eleberriak, Konpainia noblean (2004) narrazio liburua, Letrak kalekantoitik (1996), Gogoa zubi (1999), Mentura dugun artean (2001), Eskarmentuaren paperak (2009, Saiakera Sari Nazionala) eta Paper-festa (2012) saiakerak eta Italia, bizitza hizpide (2004) kronika liburua.

 

SARBIDEA

Inazio Mujika Iraola

Editore adiskideak hitz batzuk eskatu zizkidaneanOtto Petteren25. urteurreneko edizioari eransteko, aurreneko hitzetik argitu nahi izan nion, adiskide eta lankide izan dudalako berak ondo asko aurrez zekiena, alegia ezin nuela nik literatur kritikako testu burutsurik ida­tzi, ezer berririk erantsi dagoeneko esan direnei, bazirela horretarako nirea baino luma hobeak, zehatzago eta zorrotzago arituko zirenak. Hitzartu genuen, beraz, kontakizunerako sarbide bat idatziko nuela, sarbide guztiak bezala, irakurleak askatasunez irakurri edo saltatu zezakeena zuzenean muinera jotzeko.

Aurretik, testuaren eguneratzea enkargatua zidan gainera adiskideak. Gaur egungo irakurlearentzat editatu beharra zegoen, gaur egungoak izango baititu izatez gerotanOtto Pettek irakurleak: sortu zenean irakurtzeko adina bazutenak eta orduan irakurri ez zutenak (edo bai, baina berriz irakurriko luketenak gustura), adinagatik artean gauza arinagoak irakurtzen hasiak zirenak eta are jaiotzeko zirenak ere. Berez, atsegin handiz egin dudan lana izan da, irakurketa arreta­tsua eskatu didana, baina funtsean, hitzen forma batzuk gorabehera, ukitu oso txikiak egitera behartu nauena. Lana ez da batere nekea izan, oroitzapenetan itzuli dizkidan une gozatsuen ondoan: aurpegi lagunak, ahots maiteak, konpainia noblea.

Aurreneko berria izango nuen nik Anjel eta biok Ereingo editore lanetan ari ginela, ni hasi berri-berria,1990eko urteen hasieran bertan. Egun batean etorri zitzaidan pijama paperean inprimatutako folio andana batekin (ordenadoreko erabiltzaile aurrenetakoa da Anjel, baina Amstrad zaharretakoa; kostatu zitzaidanMACera ekartzea). Folio haietan, pare bat edo hiru narrazio zeuden oso ondo gogoan ez ditudanak. Esango nuke seguru samar han zela Errondalen ihesa behintzat. Ipuin liburu bat egiteko zela esan zidan orduan Anjelek, Erdi Aroan kokatutako narrazioz osatua.

Handik egun batzuetara, ia iritzia emateko denborarik gabe, beste dozena bat foliorekin etorri zitzaidan. Hor, ekintza, gure garaian gertatzen zen. Terraza batean zegoen tipo bat pastis bat edaten eta emakume arrotz berdez jantzitako bat agertzen zitzaion eta aldamenean esertzen. Mahai gainean uzten zizkion pasaporte bat eta gutunazal bat.Kapitain Frakasa izango zenaren lehen kapitulua zen.

Bi proiektuen gainean aritu ginela gogoan dut: ipuin-bilduma bat alde batetik; bestea, berriz, nobela baten hasiera. Garrantzi handirik ez du orain, eta Anjel ezagututa, ez dut ilusio handirik egiten nik hala esan niolako hartu zuela hartu zuen bidea, baina gogoratzen naiz Antibes eta Ivreara bidali nuela segituan, Erret Hiria gerorako utzita. Eta hala egin nuen, une hartan niretzat interesgarriago iruditu zitzaidalako proiektu hura; nik irakurri nahi nuen liburua hura zelako, edo, nork daki, nik idatzi nahi nuen liburua ez ote zen hura agian. Anjeli, artean, Otto Pette bezalako pertsonaia indartsu bat falta zitzaiola iruditzen zait orain, kontakizunari bizkarrezurra emango ziona.

Hogeita bost urte pasatu dira eta gaur ikusten dut bi nobela haiek, garaiak garai eta pertsonaiak pertsonaia, eskeman, oso an­tzekoa dutela abiapuntua. Pertsonaia bat dago etxean edo terrazan bakoitza bere mamuekin bueltaka, eta beste pertsonaia bat ager­tzen da eszenan, atea kox-kox joka, ezezaguna, arrotza, etxean edo terrazan dagoenaren lasaitasuna eta bere mamuena aztoratzera eta durduzatzera.

Garai hartan Euskadi Irratian, Andia kaleko ganbara hartan, biltzen ginen literatur saio bat egitera, astero liburu bat irakurri eta irratian komentatzera, Gurutze Aldabaldetreku, Felipe Juaristi, Anjel bera eta ni neu. Gaztelaniaz irakurtzen genituen liburuak, baina euskaraz zen tertulia. Ez dakit ezer zuzenik esango genuen antenan, zorionez ez dut uste gordeta egongo direnik zinta haiek. Baina handik aterata, Basque kafet