: Eneko Aizpurua
: Gaueko azken expressoa
: Alberdania
: 9788498688412
: 1
: CHF 9.80
:
: Erzählende Literatur
: Basque
: 246
: Wasserzeichen
: PC/MAC/eReader/Tablet
: ePUB
Antonio izeneko haur garaiko lagun minaren gaixotasun sendaezinak jarri du berriz martxan narratzailearen gogoa eta sorterrira itzultzeko asmo sendoa. Bere ahotik, nahiz bizikide izan dituen seme, maitale, alaba eta emaztearen ahotik ezagutuko ditu irakurleak protagonistaren ibilerak, Portugalgo sorterritik Euskal Herriko Bidasoaldera eraman zutenak, gazte garai gogor (Salazarren diktadura garaiak ziren), migratzeko erabaki zail (bizimodu duinago bat eramateko aukera bakarra zen), bizitoki berrian laketzeko zailtasunak (sorterria utzi duena betirako izango da arrotz), bai eta Irundik Portora doan gaueko azken expressoan egindako bidaia iradokikor eta barnebiltzaile bat ere. Eneko Aizpuruak 'Bidasoan gora' saiakera literario mamitsuan irekitako bidea probestuta, fikziora dakartza orain bertan aletutako hainbat eta hainbat gai (Bidasoa ibaia pasaleku gisa bakarrik ez, etorkizun bat eraikitzeko topos gisa erabili zuten portugesena, adibidez, garrantzitsuenen artean), gai ez aski ezagunak euskal irakurlearentzat, 'Gaueko azken expressoa' eleberri honek modu hunkigarrian zabaldu eta ezagutzeko parada emango dizkionak. Migratzeari, deserriari, bizi ezintasunari, laguntasunari, familiari, baita, azpigai modura nahi bada, baina Euskal Herriari eta euskal gatazkari buruzko hausnarketa ere pizten duen kontakizun bat jostea lortu du Aizpuruak, bere laugarrena den eleberri honetan.

ENEKO AIZPURUA URTEAGA 1976an jaio zen Lazkaon, eta gaur egun Iruñean bizi da. Zuzenbidean lizentziaduna da, lanbidez itzultzailea. Literaturan, Errauts (2011), Herensuge gorriaren urtea (2013) eta Lehertu da festa (2016) nobela beltzak idatzi ditu, bai eta Bidasoan gora (2020) saiakera ere. Robert Menasse austriar idazlea euskaratu du.

III

Endarlatsa izenak brastadan gogorarazi zidan zer gertatu zitzaigun Antóniori eta bioi mugaldeko paraje arrotz hartatik Bidasoa ibaia itzalgaizka zeharkatzen ahalegindu ginen gau beltzean. Endarlatsaz oroitzen haiz, António?, pentsatu nuen neure artean, ume mukizu batzuk gintuan, parean ditudan horiek bezalakoak, Portugaldik kamioi baten atoian ezkutatuta etorri gineneanraiako miseria gorriari eta hil­tzera kondenatu gintuen Angolako gerra kolonialari ihesi, zeinari Salazarren diktadurak «itsasoz bestaldeko gerra» deitzen baitzion. Gogoratuko duk, aixkide, garai hartan lana urri zegoan Galizia eta Portugal arteko mugalde osoan, eta bizimodua oso gogorra zuan. Patrikan ezkuturik gabe, gosea pasatzen genian sarri, nahiz arto ogia edo sardina zaharren bat inoiz falta ez izan ahora eramateko.

Ordurako mugaldeko herrietan hotsa zebilean bazela sare espezializatu bat migratzaileak Espainiako eta Fran­tziako mugetan barrena klandestinoki garraiatzen zituena. Gogoan diat dona Elviraren bidez proposatu zigutela zeharkaldi klandestinoa egitea. Eskalapoiak oinetan, eta zapia buruan, adineko emakumeak mugazainen joan-etorriak zaintzen zitian mugaldeko mendi bideetan, etxeko behiak larreratzeko aitzakian.

Baiezkoa eman eta zeharkaldia egiteko abisuaren zain geratu gintuan. Ez zaidak sekula ahaztuko, António, mugako zeharkaldia egiteko eguna iritsia zela abisatu zigutenekoa. 1972ko udazkena zuan. Ozta izan genian astirik prestatzeko, biderako arroparik, dirurik eta zakoterik hartzeko baimenik ere ez. Soilik gauza bat zitean buruan sareko kideek: Parisa heldu bezain laster, aldean generama­tzan gure erretratuen argazki erdiak bidali behar genizkiela gutun bidez Melgaçoko familiei, gure familiartekoek aldez aurretik adostutako ordaina eman ziezaieten: hamar milana ezkutu.

Minhoko muga batel zahar batean zeharkatu genian. Oraindik garbi-garbi entzuten diat arraunen paletek uretara erortzean eta urgainera irtetean ateratzen zuten zarata. Arraunen bultzakadari esker aurrerantz astiro zihoala, batelak ur ildo txiki bat uzten zian atzean. Huraxe izan zuan sorterrian utzi genuen arrasto bakarra behelaino artean ezkutatu ginenean. Oinak berriz lehorrean, mugazainen itzal luzea edonon ikusten genuela, mendiz mendi ibili gintuan izerdi hotzetan blai beste migratzaile saldo batekin batera, ematen ziguten arto ogi puskaren bat eta intxaurrak janez, harik eta, lainopean galduta ibiltzearen sentsazioa hainbat orduz lagun izan ondoren, mugaz bestaldeko bailara ezezagun batera iritsi eta bi garraiolari galegoren eskuetan utzi gintuzten arte.

Kamioi baten atoian sartu gintuztean bultzaka. Gogora­tzen haiz, António? «Abere bizidunen garraioa», jartzen zian letra handitan atoiaren atzeko atean. Barrenean ezkutatuta eta elkarren kontra estututa egin genian Minhoko mugaldetik Bidasoko mugalderainoko bidea. Han ez zegoan ihesbiderik. Garraiolariek giltzarrapoz itxi zitean atea. Oraindik ere sudurmintzean eta larruazalean zaukaat itsatsita txerri eta txekor azpien usaina. Ganadua bagina bezala tratatu gintiztean. Edo okerrago. Zeren haragitarako apartatu dituzten abereei ibilbiderako ura eta pentsua ematen zaizkiek sikiera. Guri hori ere ez. Baina, etxetik irten nintzenez geroztik ia mokadurik jan gabe banengoen ere, ez ninduan gose. Kamioiak ibilbide bihurgunetsuan egindako balaztaketek eta atoiko bero itogarriak, bai eta izerdi eta gonbito usain sarkorrak ere, jateko baino areago oka egiteko gogoa eragiten zidatean. Botalarriak jota, soinean nitian arropak zerri egiteko beldurrez, laster batean erantzi behar izan nian amak Parisko bizitza berrirako oparitutako jantzi berria. Aireztapenik gabeko abere kaiola hartan biluzik eta arnasa hartu ezinik, apenas lortu nian begirik ixtea ibilbide osoan gizakien aiene, abereen makakorro eta kamioiko motorraren burrunba hotsagatik. Eta gaur duk eguna non oraindik ere gauaren erdian ira­tzartzen naizen iraganaren durundi izugarri hark asaldatuta.

Atoi beltz hartan erraiak ah