HAMAHIRU, ETA GEHIAGO (1965-1978)
BIOGRAFIA BATERAKO LEHEN OHARRA
Xabier Lete Bergaretxe1944an sortu zen Oiartzunen. Gurasoak Edurne Bergaretxe eta Fermin Lete zituen, eibartarra bata, errenteriarra bestea. Aita fundizioko moldadorea zen, amak etxetik lan egiten zuen hiriburuko denda batentzat, eta Xabierrek beraklangile baten semetzat zuen bere burua. Fermin, 27 urte zituela, gudari ibili zen 36ko gerran, eta gertakizun horrek oihartzuna izan zuen Leteren poesian. Aitaren aita ere, Martzial, abertzale ezaguna izan zen, eta Ezkabako presondegian egon behar izan zuen. Hain zuzen, hala amaren aldetik nola aitaren aldetik, familia abertzalea zen Leterena, eta horrek eragin zuzena izan zuen bere heziketan eta pentsamendu etikoan. Horrez gain, amaren anaia bat, Juan Jose, apaiza zen, eta hark ere bideratu zituen Xabierren irakurketak.
Derrigorrezko ikasketak bukatuta, Tarragonara joan zen, aitaren desirei jarraituz, peritu ikasketak egitera. Baina aitaren asmo onak eta peritutzaren sonak ez ziren nahikoa izan Letek ikasketak amai zitzan; aldiz, literaturan eta filosofian sakondu zuen. Hemezortzi urterekin itzuli zen Oiartzuna, eta, ikastea gustuko ez zuenez, lanean hasi zen Pasaiako Bianchi eta Ibarrondo lantegian. Lanetik aparteko tarteetan, orduan hasi zen Leteren jardun kulturala pizten. Antzerkira eta zinemara joaten zen Donostiara, eta asko irakurtzen zuen; literatura eta filosofia ugari, bereziki autore existentzialistak eta antzekoak:sasoi hartan irakurri omen zituen Sartre, Zubiri, eta abar. Bere hitzetan: «Hogei urteren inguru hartan, intelektualki egarri handiarekin bizi nintzen, eta nire barnea iluna zen». Beste hitz batzuekin esanda, «16 urtetik aurrera, bere buruari galderak egiten zizkion tipo bakarti eta melankolikoa bihurtzen» hasi zen; gero, irakurtzeari ekin zionean, «areagotu egin ziren galderak eta, horrekin, bakarrik ibiltze hori».
Idazketari dagokionez, berriz, tailerreko lan-orduetan, leihotik Pasaiako portua ikusiz, han hasi omen zen, lanak libre uzten zizkion tarteetan, poesia idazten. Hasieran gaztelaniaz hasi zen eta, laster, euskaraz; Letek zioenez, Gabriel Arestiren eragina funtsezkoa izan zen hizkuntza aldaketa horretan. Lehen testu haietariko batzuk bederen, 1963 eta 1964koak, gordeta daude Lete-Iriondo Funtsean, eta badute berak aipatzen zuen kutsu melankolikoa. Leteren paperen artean aurki daitezkeen jatorrizko testuak aztertuz gero, honakoa izan daiteke, beharbada, euskarazko bere lehen poema –edo, seguru, lehenengoetakoa–. Lerro xumeok iradokitzen dute zerbait gaztaroko poema haien tonu eta kolore orokorraz:
Gaberdian nigatik
galdetzen baduzu,
zatoz bakardadera,
arkituko nauzu
ixillik
Leteren eskuizkribua, datarik gabe. © Xabier Leteren oinordekoak.
NAFARROAKO OIARTZUN
Leteren oroitzapenetan,bera mutil koskorra zela, Oiartzunek gehiago zeukan Gipuzkoako herri industrializatu batetik baino, Nafarroako mendietan galdua zegoen herri basati batetik. Herri txiki horiek 1950eko hamarkadan zuten giroa azkar jasotzeko, Bernardo Atxagarengana joko dugu. Atxagak poema luze eta eder bat eskaini zion Leteri haren heriotzan, eta bertan, lau pintzelkadatan margotzen ditu herri haiek. Honela mintzo zaio asteasuarra Leteri: