: Anjel Lertxundi
: Lehorreko koadernoa
: Alberdania
: 9788498685923
: 1
: CHF 5.70
:
: Erzählende Literatur
: Basque
: 128
: kein Kopierschutz
: PC/MAC/eReader/Tablet
: ePUB
Idazle batek botila bat aurkitu du Zarauzko hondartzan. Botila barruan paper bat dago eta bertan marrazturik mapa bat. Misteriozko nobela gisa irakur daiteke Lertxundiren liburua, botilaren eta barruan dagoen mezuaren misterioa askatzen saiatuko baita, baina badu beste irakurketa bat ere: literatur gozamenerako sarbide ere bai baita liburua. Maisuki darabiltza Lertxundik tramaren hariak eta nagusiek eta gazteek jakin-minez irakurtzen duten liburua da Lehorreko koadernoa.

Anjel Lertxundi (Orio, 1948). Hunik arrats artean (1970) ipuin bilduma izan zen argitaratu zuen lehen liburua. Bereak dira, besteak beste, Goiko Kale (1973; ALBERDANIAn, 2000), Aise eman zenidan eskua (1979), Hamaseigarrenean aidanez (1983), Carla (1989), Lurrak berdinduko nau (1990), Kapitain Frakasa (1991), Otto Pette (1994), Piztiaren izena (1995), Azkenaz beste (1996), Argizariaren egunak (1998, Euskadi Literatur Saria), Lehorreko koadernoa (1998), Zorion perfektua (2002), Ihes betea (2006), Zoaz infernura, laztana (2008), Etxeko hautsa (2011) eta Horma (2017) eleberriak, Konpainia noblean (2004) narrazio liburua, Letrak kalekantoitik (1996), Gogoa zubi (1999), Mentura dugun artean (2001), Eskarmentuaren paperak (2009, Saiakera Sari Nazionala) eta Paper-festa (2012) saiakerak eta Italia, bizitza hizpide (2004) kronika liburua.

1

Zeru beltzak egunak zeramatzan hustularri. Uholdeak ere izan ziren bazterretan. Garbiak ziren seinaleak harralde osoan, itsasoak erruz jaurti baitzuen bere haserrearen zaborra hondartzaraino. Poto herdoilduak; oholak eta egur-puskak; arratoi tzarrak, beren sabelalde uhandituak zerurantz; kondoiak; neurri eta kolore guztietako plastiko gasoilduak; botila lokaztuak; panpina baten enborra, ez esku eta ez hanka, umezurtz hunkigarria bere biluztasun gorrixka hartan; sare-puskak eta kordelak. Uholde zaharragoetako hondakinak ere ageri ziren nonahi: muskuilu zuri jangaitzak zeramatzaten itsatsirik.

Zabor artetik, neu ere. Baina ez ezeren bila nenbilelako. Bihotzak abisua pasatu zidanetik, egunero ematen dut paseoa hondartzan. Pare bat ordu egin ohi dut. Oin hutsik, hotzik ez bada. Gomazko zorua duten zapatak jan­z­ten ditut bestela. Egun hartan ez zuen hotzik egiten eta ateri zen artean. Oinak, ordea, zapatetan sartuta neuzkan, zaborraren kausaz.

Badaezpada.

2

Isiltasuna gustatzen zaion Robinson Crusoe baten pareko nenbilen, bakarrik eta isilik, atsegin baitut itsasoaren mila hotsak entzutea, olatuek eta kaioek hondarretan utzitako arrastoak begiratzea. Bihotzaren takatekoari eskertu behar diot hutsalak diruditen gauza hauen handitasunaz jabetzen hasi izana.

Uda partean, berriz, walkman txiki batez ibiltzen naiz: hondartzaratuen builak itsasoaren murmurio etengabea eta kaioen txirrioak estaltzen dituenez, walkmanarekin estaltzen ditut nik hondartzaratuen builak. Eric Clapton entzuten dut halakoetan. Eta, batez ere, Rolling Stones, aspaldikoa dut-eta Mick Jagger eta enparauen aldeko lehia. Adarra jotzeko jendearen irudimen deabruak gaitzizen batez lotu berri zituen bakarrik ibiltzeko nire koska eta musikarako zaletasuna.

Rollingston Crusoe naiz orain mundu guztiarentzat. Pozik jakingo nuke nor den gaitzizenaren asmatzaile gaitzgizona. Neuk ere, gaitzgizondu, gaitzizen bat asmatu, eta mendeku hartzeko, jakina.

3

Kaio ugari zebilen zeruan. Hegoak zabal-zabal, ez zuten mugimendurik egiten. Planeatuz ari ziren hegan, noizean behingo hegoen astindu laburra baizik erabili gabe: haizearen norabide indartsura egokitzen zuten hegaldia. Baina itsaser­tzeko zakar eta zabor ugariaren artean mokogairen bat ikusi orduko, hegoei eragiten zieten; orduan, harri astun baten gisa jaisten ziren, amen batean eta zuzen. Ez zuten denbora asko galtzen zabor artean, eta, berriro ere hegan hasten zirenean, zerbait eraman ohi zuten mokoan. Itsasoak hondarretara botatako lupia erdi ustelen bat izan zitekeen; alga-sorta; arratoi tzarren baten barrunbe-puska…

Nigandik oso gertu igarotako kaio ba­tzuen zalapartak aztoraturik, mezu bat idatzi nuen hondarretan aterkiaren puntaz:

Hitchcock, lagunduuuu!!! Heeelp!!!

Kaioen bazka izateko batere gogorik ez zuen naufrago errukarri honek mezua izenpetu zuen gero:

Rollingston Crusoe.

4

Ibili nenbilela, kresalaren gazi-gozoa ezpainetan, botila bat ikusi nuen zabor artean. Kortxoz est