: Breda Smolnikar
: Han goian urkiak hostoberritzen direnean
: Alberdania
: 9788498688030
: 1
: CHF 7,60
:
: Erzählende Literatur
: Basque
: 98
: Wasserzeichen
: PC/MAC/eReader/Tablet
: ePUB
Lehen Mundu Gerraren aurreko urteetan, Eslovenia, Europako beste herrialde asko bezala, Estatu Batuak, Agindutako Lur berria, helburu duen migrazio masibo batean odolusten ari da. Rozina, emakume bizi eta aktiboa, laster senarra izango duen Brinovc herrikidearekin batera, etorkizun hobe baten bila Atlantikoa zeharkatu zuten itsasontzi ugarietako batean doa. Gizarte ezezagun eta arrotz batean, Rozinak, grinatsu eta ekintzaile, mehatxuak aukera bihurtzeko berezko gaitasuna erakutsiko du, eta horrela lortuko du, adibidez, patarra egiteko eta saltzeko negozio oparo bat aurrera ateratzea, Lege Lehor betean. Gerren arteko garaian, bikoteak, alaba txikia Estatu Batuetan utzita, Europara itzultzea erabakitzen du, han negozioekin jarraitzeko aukera hobeak ikusten baitituzte. Bigarren Mundu Gerraren eztandak Amerikara itzultzeko edozein aukera ukatuko die, eta Rozinak hamaika arrisku eta mehatxuri aurre egin beharko die, harik eta, senarra hil ondoren, azkenean Estatu Batuetara itzuli ahal izango den arte. Han gogor arituko da berriz ere bere familiakoak pobreziatik libratzeko ahaleginean.

BREDA SMOLNIKAR (1941). Esloveniako literatura garaikideko luma berezienetako bat da. Hemeretzi urte zituela hasi zen idazten, eta 1963an Otrocki ?ivljenje tece dalje (Niños, la vida sigue) gazteentzako eleberria argitaratu zuen, 1967an Mali mozaik imen (El pequeño mosaico de los nombres) eta 1973an Popki (Capullos). Sozialismoaren garaian, helduentzako bere lanak Gospa (Anderea) ezizenez argitaratu zituen, egile-argitalpenetan. Bere lanetan gerren arteko garaiarekin eta Bigarren Mundu Gerrarekin zerikusia zuten gai «politikoki ez zuzenak» jorratzen zituenez, hainbat eztabaida eta auziren jomuga bilakatu zen. Azkenik, egileari hiru hilabeteko espetxe-zigorra ezarri zioten laurogeiko hamarkadan. 1998an, Suitzako emakume idazle talde batek hilabete batez Ittengengo monasterioan egonaldi bat egitera gonbidatu zuen, eta urte horretan bertan argitaratu zen Han goian urkiak hostoberritzen direnean eleberria idatzi zuen. Antzezlanak piztutako polemika epaiketa bilakatu zen, bost emakumek beren ama zena ezagutu baitzuten protagonistarengan. Egileak zortzi urteko prozesua pairatu zuen, eta, azkenean, Konstituzio Auzitegiak 2005ean bertan behera utzi zituen kondena-epaiak, egilea Esloveniako liburutegi eta liburu-denda guztietatik erretiratzera behartzen zutenak. Jasaten ari zen zentsuraren aurrean, Breda Smolnikarrek helduentzako narrazio lanak idazten eta argitaratzen jarraitu zuen.

Greziar itsasontziak portura iristen zirenean, hantxe egoten zen zain marinel baten emazte leial gisa, senarra itsaso urrunetik noiz itzuliko; zain egoten zen babarrunez eta perretxiko idortuz beteriko zakuekin. Bazekien ingelesez ere, itsasoaz bestaldetik etorritako kapitainekin mintzatu ezinik ez geratzeko adina behintzat. Su aken itxaroten zien lehorrera txalupetan zetozenean, itsasontzia ainguratu eta gero. Haiek hasieran harriturik begiratzen zioten, eta gero jakin-minez eta miresmenez; zama husten zuten, eta emakumeak perretxiko lehortuak eta babarrunak ematen zizkien, eta intxaurrak, eta haiek ordainetan piku-melatu eta fruitu lehorrak, orobat limoi eta laranja ugari. Batzuetan, kamioia goraino beteta itzultzen zen. Gerezien garaian, emakumea gereziz beteriko saski handiekin azokan uzten zuen kamioi-gidariak haranzkoan; mendietako nekazariek beraren esku utzitako gereziak ziren; albait lehen saldu behar ziren, usteltzeko denborarik eman gabe. Dena punttu-punttuan antolatzen zuen: babarrunez eta perretxiko lehortuz betetako zakuak ere jaisten zituen mendietatik, den-denak berak gainbegiratuak; zaku bakoitzean sudurra sartzen zuen eta, barrukoa ondo aukeratua ez bazegoen, zakua ekarri zionari oihu egiten zion esanez amerikarrek ez zutela jango halako zerrikeriarik, behingoagatik balekoa zela baina hurrengoan atzera botako zuela; babarrun gaizki aukeratuak bere seme-alaben aurrean husten zituen, eta haiek egin behar izaten zuten aukeratze-lana arratsalde osoan zehar, izan ere salgaiak ona eta ederra izan behar zuen; berari inork ez zion esango ezer txarrik saldu zuenik; behin bakarrik esan zion kapitain batek babarrun artean zakarren bat aurkitu zuela. Emakumeak buruan hartzen zituen halako akatsak, berriro ez errepikatzeko. Sudurra batez ere perretxiko artean sartzea gustatzen zitzaion; perretxikoaren usainak hezea behar zuten izan, ez halere lizuna, eta zati berdin-berdinetan ebaki behar ziren; perretxiko-biltzaile bakoitzari erakusten zion nolakoak izan behar zuten, nola lehortu behar ziren eta nola jaso: oihalezko poltsa garbietan sartu behar ziren; bestela, ez zituen nahi. Oso zorrotza zen perretxiko-kontuetan; babarrunekin, ez hainbeste; haiekin, akatsen bat gertatuz gero umeek egingo zuten bereizketa, hala esaten zion senarrari, gizonak errieta egiten baitzion batzuetan mendietatik salgaiak ekartzen zituen jendea gehiegi estutzeagatik. Ez dut ezer ordainduko zerrikeria horren truke, hala esaten zien emakumeak, hurrengoan itxura hobeko salgaia ekarri behar zutela. Gero, itsasaldera jaisten zituen salgaiak. Saldu ondoren, itzuleran, kamioi-gidariaren ondoan esertzen zen, edo bestela, beste norbait zetorrela-eta berarentzat aurrean lekurik ez zegoenean, kartolan makurtzen zen, hitzik esan gabe, mahaspasaz eta piku-melatu lehorrez betetako zaku artean. Ez zitzaion axola non eta nola egin bidaia; negozioa behar bezala burutzea zen kontua; gero garbitu eta txukunduko zuen bere burua etxean, bost axola zer itxura zekarren itzuleran; benetan garrantzitsua hauxe zen: itsasaldera txukun eta garbi agertzea, tente, apain-apain, Ameriketatik ekarritako bere bitxiak erakutsiz; itzulerako piurak ez zion axola, baldin eta denak harriturik utzita itzultzen bazen, trukean erositakoa berekin zekarrela. Etxera bueltan abiatu orduko kentzen zituen eraztunak, belarritakoak eta idunekoak, bere diru-poltsa handian sartzen zituen, poltsa zapi handi batean biltzen zuen, eta bere saskitxoan gorde; azkenik, jaka batez estaltzen zuen guztia. Takoi altuko zapatak ere kentzen zituen, itsasontzietako kapitainak harritzeko janzten baitzituen, eta lurrera botatzen zituen bere aurrean, kamioiaren atzealdeko zoru zikinaren gainera, ortozik geratu eta bere buruari esanez: Eta orain lanera, ostiralean Morave-ko azokara, larunbateanrnue-ra, eta datorren astean Menge -era, eta joango naiz halaber Kamnik eta Nova tifta-ra. Horixe esaten zion bere buruari zaku zikinen artean; zaku haiek itsasontzien zubi pean egonak ziren, arratoi artean; horregatik, burusi bat botatzen zuen zakuen gainera eta hantxe esertzen zen, saskitxoa aurrean zuela; hartantxe zeramatzan bere bitxiak eta badaezpada ekarritako askaria; inork ez zion ezer ostuko. Hala eserita, zapi batean bilduriko ogi puska bat eta sagar bat edo bi hartzen zituen saskitxotik, gosearen arabera. Gero, besoez biltzen zituen saskitxoaren heldulekuak, inork ez lapurtzeko; halaxe, burua zaku gainean pausatzen zuen, lurrera botatako zapaten ondoan; jada ez zituen behar oinetako haiek, ez baitzeukan inor txunditu beharrik. Jarrera hartan, kamioiaren balantzarekin lo larri samarra hartu aurretik, kontuak ateratzen hasten zen: zenbat irabaziko zuen eta zenbat geratuko zitzaion garbi, eta nola hurrengo batean berriro itsasaldera jaitsiko zen itsasontzien zain egotera. Bi gerren arteko urteetan, etxean saltzen zuen itsasaldean erositakoa; mahaspasek dendetan zortzi dinar balio zuten, eta berak mendietakoei eta inguruetakoei lau dinarren truke saltzen zizkien; hala, mendi guztietatik