: Jokin Muñoz
: Antzararen bidea
: Alberdania
: 9788498681482
: 1
: CHF 6.40
:
: Erzählende Literatur
: Basque
: 352
: Wasserzeichen
: PC/MAC/eReader/Tablet
: ePUB
Eli (edo Lisa) naufrago bat da. Nola edo hala iraun ahal izan du bere nora ezean, bat-bateko eztanda batek seme bakarra, Igor, lapurtu dion arte. Latza zaio bakardadea, baina are latzagoa ez jakitea. Nor ote zen Igor? Zerk eraman zuen Salouko apartamentu hartara, hamaika puskatan xehe-xehe eginda gorpu geratzera? Gertaera horretatik ihesi, bizitzak aurrera jarraitzen duelako, eta lan egin beharra dagoelako biziko bada, agure bat zaintzen hasi da. Agureak sekretu bat gordetzen du, ordea, eta sekretu horren peskizan semearen iragana berregin usteko du puskatik puskara, bera bezalako beste naufrago bat, Gigi, lagun duelarik. Intentsitate handiko eleberri honetan garrantzi berezia dute pertsonaiek. Izan ere, naufrago galeria hunkigarria ere bada liburua; hogei urteko naufragoak, berrogei urtekoak, baita laurogeita hamarrekoren bat ere ageri da. Marinelak dira, marinelak lehorrean.

HASIERA


–Hara, hire aitona. Tuterara zihoak. Neskatara. Larunbatero bezala –esan dio mutiko irriberak mutiko ilehoriari. Ondoan dagoen mutiko serioak irribarre xumea egin du, makilgoxoa ahoan, mutiko irriberak esandakoa entzutean. Mutiko ilehoriari, berriz, ez zaio batere gustatu lagunak esandakoa, eta inpentsan erantzun dio, haserre:

–Ez da nire aitona!

Gizon zaharra ate nagusitik irten da, dotore, lanera doanaren seriotasun berberaz. Lurrin arrastoa utzi du atzean. Ilehoriak ama zenaren gonapetik ikusi du beti gizon hori, beti uzkur, beti muturbeltz. Amaren aita ez baitzaie sekula hurbildu, ez hitzik egin ere, alaba etxetik, familiatik egotzi zuenez geroztik. Artean alargundu berria, ezin izan zuen eraman alaba bakarraren bat-bateko haurdunaldia, eta egotzi egin zuen, bai, “hoa! hoa jornalero nazkagarri horiekin! Beraiek bete bahaute, beraiek zaindu dezatela hire umea!”, esaten dute oihukatu ziola, Garziatarren etxea utzi zuen egunean.

–Hire amaren aita baduk, ordea! –segitu du mutiko irriberak, zirika. Honek ere ez du makilgoxoa ezpainetatik baztertzen. Gustatzen zaie puru baten moduan ahoan edukitzea. Aitek horrela edukitzen dute, ezpainetatik zintzilik eta txiki-txiki eginda, kasinoan daudenean.

Mutiko serioak ez du oraingo honetan irribarrerik egin. Ilehoriari bixkarreko bat eman dio, “goazemak, bidea libre zegok”, eta mahats-parren artetik igo dira horman gora. Bertatik ikusi dute Garzia jauna urrutiratzen, eguterari aurre egiteko traba baino egiten ez dion traje dotore hori jantzita. Plazako kasinora doa kafe bat hartzera. Handik auto batek Tuterara eramango du.

Etxeko hiru artzakur erraldoiak jada oinetan dauzkate, ufaka, urduri antzean, baina isilik, hormara igotakoak ezagutuko balituzte bezala. Herriko beste umeak nekez hurreratzen dira on Garziaren etxaldera, beldur handia diete-eta artzakur puska horiei. Herrian esaten da iaz desagertutako umea ez zela ibaian ito, baizik eta txakur horiek jan egin zutela, horma horretatik eroritakoan.

–Kieto, Ivan! –oihukatu dio irriberak begira-begira duen artzakurretako bati–. Gu gaituk, etxekoak!

Azken hori esatean, ukondokada bat eman dio ilehoriari, barreka, eta honi makilgoxoa ahotik erori zaio txakurren artera. Txakur batek lurretik hartu eta etxe aldera eraman du. Beste biek atzetik segitu diote, hiru mutikoei ezaxolati.

–Segi, segi txokora, txakur tonto alaenak! –Irriberaren algarek ito dituzte ilehoriaren arrangurak–. Makilgoxo horren ordainean lau-bost kilo mertxika eraman behar ditiagu-eta!

Eskua ahora eraman du, eta bere makilgoxoa erditik puskatuz “har ezak, Rubio, nazka ematen ez badik”, esan dio ilehoriari.

Etxaldeko animalia guztien ezinegonak lagundu die fruitu arboletarako bidean. Baratze