: Joseba Lozano
: Larrutik ordaindua
: Alberdania
: 9788498684018
: 1
: CHF 5,60
:
: Erzählende Literatur
: Basque
: 250
: Wasserzeichen
: PC/MAC/eReader/Tablet
: ePUB
Frantzia, 1871. Pariseko iraultzaileak Frantziako Gobernuaren aurka altxatu dira eta Pariseko kaleak hartu dituzte: Pariseko Komuna abian da. Gobernuko Armadak setioa jarri dio hiriburuari Komuna akabatzeko asmotan, eta borroka latza sortu da iraultzaileen eta soldaduen artean. Giro nahasi horretan, gorpu batzuk agertu dira Pariseko kaleetan: larrua kendu, eta odol guztia atera diete. Komunaren Gobernuak emakume bat aukeratu du, hilketa izugarri horiek ikertzeko eta hiltzailea harrapatzeko: Sophie Blanchet, psikiatriko batean lan egiteaz gain, hiltzaileen portaerak ikertzen dituena. Bi gizon jarri dituzte haren agindutara: Fabian, iraultzaile gaztea; eta Leo, Polinesiako irla batean hamar urte preso igaro ondoren, Komunaren alde lan egiten duena. Hirukoteak arrisku bikoitzari aurre egin beharko dio handik aurrera: Gobernuko Armadaren errepresio odoltsuari, eta hiltzaileari berari. Eleberri honek bi genero uztartzen ditu: nobela historikoa eta thrillerra. Sozietate sekretuak, espiritismoa, histeria, hipnosia, droga berriak, erlijioa, amodioa..., barrikadaz betetako hiri dardarati batean. 'Argiaren Hiria', itzaletan murgilduta...

 

 

 

Apirilak 3, astelehena

Goizaldeko laurak. Eguzkia baino goiztiarrago, guardia nazionalen zutabe luze bat, sei mila gizonek eta zortzi kanoiek osatua, mendebaldera zihoan, Rueilerako bidean barrena. Lanbro lodi zabal batek estaltzen zituen bazter guztiak. Blai eginda, baina bihotzak pizturik egiten zuten aurrera denek, gogoak sendo, aurrean esploratzailerik jarri barik, eskarmentu eta prestakuntza militarrik gabeko jeneralen aginduetara, ez gurdi, ez anbulantzia, ez janari… desfile batean bezala. Gaueko hotzak lurrun bihurtzen zuen soldaduen arnasa, behe-lainoaren loditasuna areagotuz. Iluntasunak apenas uzten zien metro batzuetara ikusten. Mintzo galduak en­tzuten ziren, ateraldi irrigarri batzuk, eta, segituan, isilik ibiltzeko ofizialen agindu lehorrak, ahotik ahora barreiatuak ilaran zehar. Luzaro ibili ziren horrela, zakutoa eta erriflea bizkarrera eta putzuetan palastan, botak lokaztuta zelai-­ordeka hartan barrena. Halako batean, biribil laranja batzuk piztu ziren lainoaren erdian, urrutira, tximisten modukoak. Segundo batez, denak gelditu ziren, mutu; segundo haren ondoren, infernua: burrunbadak, leherketak eta garrak toki guztietatik. Etsaiak kalibre handiko obusak jaurtitzen ari zitzaizkien Valèrien mendiko gotorlekutik. Aurreneko jaurtigaiak ilararen saihetsetan erori ziren, lurrean zulo handiak eginda eta metraila noranahi sakabanaturik. Obus haietako batek bitan zatitu zuen iraultzaren bandera gorria zeraman guardia gaztea. Oihuak… Burdin soinua… Anabasa… Gehienak tirorik sekulan egin gabeak zirenez, ikara nagusitu zen, eta denek ihesari ekin zioten garrasika. Batzuek atzera egin zuten elkarrekin behaztopa, eta beste batzuk aterpe bila hasi ziren zarrapastaka.

Eztanda haietako batek lurrera bota zuen FabianRochefort guardia nazionala. Leherketak inarrosi egin zion gorputz osoa, erraiak errotik erauzi nahian bezala, eta danbatekoak gorra utzi zuen, eta noraezean. Non ezkutaturik ez zegoela-eta, narraska mugitu zen obusek irekitako zulo handi bateraino, bertara irristatu, eta burua gorde zuen belaunen artean. Hura zen borrokan aritzen zen lehen aldia; baina, heriotza-ikarak jota egon arren, lotsagarri eta amorragarri gertatzen zitzaion Parisera bueltan erretiratzea, beste guztiek egiten zuten moduan. Iraultzaren alde borrokatzearren eman zuen izena Guardia Nazionalean, eta iraultzaren alde hiltzeko prest zegoen… teorian, behintzat. Egia esateko, goizalde hartan bideari ekin zionean, ez zuen uste borrokan egiteko aukera izango zuenik. Sinetsi nahi zuen soldaduek uko egingo ziotela herritarren kontra tiro egiteari, Montmartren egun batzuk lehenago egin zuten modu berean. Sinetsi nahi zuen berriz ere elkarri besarkadaka hasiko zirela anaitasunez… Oker zegoen.

Leherketek amorru biziz jarraitzen zuten inguruan. Bihotza borborka zuen. Beste eztanda batzuk. Lurra ikara bizian ari zen. Gorputza ere, dar-dar, burutik eta behatzetara. Harri koskorrak eta zuhaitzen erroak, olatu gisa buru gainetik. Belarriko mina. Burmuina, kilker zalapartariz betea. Behazunaren kutsu mingotsa zuen ahoan. Luze egon zen horrela, bildu-bildua, su zaparradaren azpian, lurraren etengabeko astinaldien artean. Esku biekin gogor heltzen zionchassepotari, Guardia Nazionalean sartu zenean eman zioten tiro bakarreko fusil mor