: Txema Garcia-Viana
: Triangelu hautsia
: Alberdania
: 9788498685909
: 1
: CHF 5.60
:
: Abenteuer, Spielgeschichten, Unterhaltung
: Basque
: 144
: kein Kopierschutz
: PC/MAC/eReader/Tablet
: ePUB
ANTONIO M. LABAIEN SARIA (1998) II. Karlistada garaian, Euskal Herritik Venezuela aldera ihes egin zuen mediku gazte baten istorioa kontatzen zaigu hemen. Venezuelan neska eder bat ezagutu, eta harekin maitemindu zen. Haretxen ahotik ikasi zuen urte batzuk lehenago Urrezko Triangelua izeneko espedizio batean parte hartu zuela neskaren aitak. Espedizio hark, euskal pirata baten altxorraren bila Amazoniaraino joan bazen ere, ez zuen bere xedea lortu, eta hainbat heriotza misteriotsu gertatu zen. Hori guztia argitze aldera espedizio haren urratsei jarraitzea erabaki zuten protagonistek.

Txema Garcia-Viana 'Kartxi' (Donostia, 1963). 1984an argitara­tu zuen bere lehen liburua: Ihesi izeneko poema-bilduma (Susa). Triangelu hautsia lehen narrazio-liburua du. Eleberri honek Tolosako Udalak antolatzen duen Antonio Maria Labaien saria jaso du.

Belabietako gudua

1873. urteko abendua. Bigarren karlistaldia bete-betean zen, Gipuzkoan guduak eta aurrez-aurreko borrokak ugari ziren. Karlistek setio egoera zorrotza ezarri zioten Tolosari, zeina artean liberalen esku baitzegoen, harik eta, Belabietako lekuan gertatutako gudu odoltsuan, Moriones buruzagi militar liberalak puskatu zuen arte.

Zaila da azaltzen sarraski haren ingurumaria. Karlistek Tolosako ingurua hartua zuten, eta bertako mendixka eta muinoak gotorleku bihurtu zituzten, herrirako sarrera-irteera guztiak itxiz. Bezperan, abenduaren batean hain zuzen, ezohiko mugimenduak antzeman nituen, eta mandatari batek lehenbailehen goiburuzagitzara joatekogonbitea ekarri zidan. Liberalen agintaritza zegoen jauregira iritsirik, gradu handiko militar gazte batek behinola kapera izandako gela txiki batera sarrarazi ninduen. Hazpegi goibelak ageri zituen; egoeraren larriaz ohartu nintzen berehala.

—Jakizu lehendabizi, bihar egundoko gudua gertatuko dela eta, medikua zaren aldetik, zure zerbitzuen beharrean gaudela. Gurekin etorri beharko duzu —burua lepoan sarturik zeukan; bere uniformearen seriotasunak ezin zion onkote aurpegia disimulatu; inora begiratzen ez zuten begiak erdi bildurik zeuzkan, lo gutxi egin izanaren kariaz edo hitzoi garrantzi handiagoa eman nahiz, agian.

—Hara, jauna —erantzun nion irmo—, ongi diozun moduan, medikua naiz eta kontzientziak behartzen nau nire premian dagoenari laguntzera, berdin alde batekoa zein bestekoa izan. Ez naiz politikazalea eta are gutxiago gerrazalea, beraz, ez dut agindu beharrik nire eginkizuna ongi betetzeko.

—Uste dut ez duzula nire esana ondo ulertu. Mariones mariskalak berak agintzen dizu gurekin etortzeko, gurekin, militarburuokin alegia. Soldaduteria beste batzuekin konpondu beharko da. Guk zu behar zaitugu.

Ez dago esan beharrik aginduak zenbaterainoko higuina eta ezintasuna sortarazi zizkidan. Agintari militarren mende nengoen; eraman ninduten gela dotore batean gaua pasa behar nuen, eta, bitartean, mandatari bat bidali zuten nire etxera beharrezko tresneriaren bila. Orduak luze joan ziren, militar haien joan-etorri urduria lagun bakarra nuela. Erbi-loa egin nuen, egunsentian deitu, eta presta­tzeko agindu zidaten. Gudua abian zen.

Ez naiz askorik luzatuko hango txikizioaren berri ematen, bertan egon ezean nekez azal baitaiteke nolakoa den Herioren aurpegi ankerrena. Hango tiro-hotsak eta irrintziak, kanta eta garrasi, hango aiene eta lantu, haragi urratu eta gorputz txikituak. Ni muino baten gainean nengoen buruzagien ondoan eserita, benetan nire beharrean zeudenei lagundu ezinik. Aurpegia eskuetan gorde nuen, tamaina hartako absurduari nolabait ere itzuri nahian alferrik. Garrasi eta txilioak orratzak bezala sartzen baitzitzaizkidan burmuinean. Eskuak izerdi hotzez eta malkoez bustirik neuzkan, harik eta salto bat eginez altxatu eta lasterka bizian infe