2. Edari batekin munduari buelta
Kafetxo batekin has gaitezen.
Aleak ontzitik atera, eho, kafe makinan sartu eta itxaron sukaldean zehar aroma hedatzen den arte. Edo tabernara joan eta ebakia eskatu, fiiix, blu-blu eta hor dago! Txokolate beltzaren eta espezieen arteko usain sakon batekin. Erne nago azkenean, goizaldea agurtzeko moduan. Edota bazkalostean, egin nahi ez dudan lan hori egitearen truke, kafetegi txukun batean egitera bultzatzen dut neure burua. Lana ez baita hain neketsua ingurune polit batean, bapore leuna isurtzen duen edari baten ondoan.
Kafea gustukoa ez baduzu, apika kolakaoa, txokolatea edo te barietateren bat duzu laket. Berdin du datorrenerako. Edari batekiko eguneroko harreman hori existitzen dela da kontua: norbanakoaren eta edariaren artean, zein lagunekin, momentua elkarbanatzean hazten den lotura.
Harreman horiek sortu eta elikatu ditzaten, ale ehoek edo belarrek bagajea dakarte. Landarea hazi zen tokian utzitako aztarna nolakoa den, hor dago koxka. Inoiz zu eta edari beroa bakarrik baldin bazaudete, pentsa edabe xume horrek dagoeneko berarekin dakarren istorioa.
«Ideiarik ere ez!» Kafeak bere jatorrian zein itxura daukan ere ez nekien.
Ale horien sorterrietako bat Guatemala da. Herrialdeak hogeita hamar sumendi inguru dauzka, horietako asko lotan. Bakoitzak paisaia eta landaredi oso desberdinak ditu, naturazale eta mendizaleentzako erabat erakargarriak. Horien artean, San Pedro izeneko sumendiak Atitlan aintzira begiztatzen du. Tontorrera iristeko gida batekin igotzea komeni da, segurtasun eta orientazio kezkak direla eta. Hara igo ginen lagun bat eta biok, aspaldi. Igoeraren aurreko egunean, aintzira ondoko herri batera iritsi eta gidatzat Juan topatu genuen: hirurogeita hamar bat urteko nekazari erretiratua, gosari opilak saltzen zituenaren aita. Aurretik igotako sumendi batean bi polizia izan genituen gidaritzat. Haien nagusiak eskarmentu gisa ezarri omen zien gurekin mendian ibiltzera joatea, ez zeudelako forman, antza. Erritmoen desberdintasuna argi gelditu zen lehen bostehun metrotan, eta nire lagunaSimpsondarrak telesaileko polizia buruaren antza zuten kideak animatzen egon zen gainerako hamar orduetan. Horrelako ikasbidearen ondoren, Juan bezalako gidari lokal bat primerakoa zen.
Goizean goiz hasi ginen oihan tropikal heze horretan gora. Gizonak, sandaliekin ibili eta nire adina hirukoiztu arren, bizitza osoa jo eta su mendian emanda, berehala utzi ninduen atzetik, arnasestuka. Nire laguna bion artean zebilen, adi, inor ez galtzeko (denborarekin, natura gida bikaina bihurtuko zen lagun hura). Juan, bertako nekazari guztien modura, matxetea eskuan, arrotzei ingurunea harro erakusteko gogotsu zebilen. Bat-batean, oihanaren soilgune batean gelditu zen. Zuhaixka batetik ilarraren eta mahatsaren arteko tamainako fruitu berde bat hartu eta probatzera eman zigun. Fruitua urtsua eta oso gozoa zen, ondu gabeko madari baten testurarekin. Horra kafe landarea bere naturaltasunean, oihan arteko kafetalean.
Mexikon ere kafea ederki hazten da, Chiapasen batik bat. Bertako Sierra Madre mendilerroan hainbat komunitate txiki dabiltza beren eguneroko ogia (edo arto tortillak, hobeto esanda) inguruko ekosistematik hazten: artoa eta babarrunak (milpa), herrialde hotzagoetan etxe barneak dekoratzeko palma landareak (Chamaedorea spp.), abereak eta, noski, kafea. Bertan kafetalak altuerako lurretan bakarrik ezarri daitezke. Beraz, nik bisitatu nuen komunitatean, guztiek ezin zioten kafeari ekin. Ekiten ziotenek, ordea, bizibide ona eta egonkorra zeukaten, nahiz eta komunitateko aberatsenak izan ez (aberedunak ziren horiek).
Mexikoko komunitate horretan kafea edateak ez du guk ematen diogun balio ia sakratua: askoz ere etekin handiagoa ateratzen diote kanpora salduz, Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) eta Europako kafe zaleei. Batzuetan, ordea, etxean gonbidatuak edukitzean, kafetxoa «putxeroan» prestatzen zuten, belar infusio baten modura. Niri kafea azukre eta esnearekin gustatzen zitzaidan. Baina are gehiago gustatzen zait tokiko berezitasunak probatzea. Beraz, osagai