: Francisco Castro
: Barkuen hilerria
: Alberdania
: 9788498686746
: 1
: CHF 8.00
:
: Kinderbücher bis 11 Jahre
: Basque
: 274
: Wasserzeichen
: PC/MAC/eReader/Tablet
: ePUB
Sekretu batzuk luzaroan egoten dira ezkutuan, hamarkada askotan, baina, une jakin batean, iragan beldurgarriak itzultzea erabakitzen du. Sekretu horiei buruzko nobela da Barkuen Hilerria. Eta lehen amodioei buruzkoa ere bada, eta kontatzen du maitatzen ikasten hasten ari denak pasioa nola aurkitzen duen. Baina, batez ere, duintasunari buruzko eta abusuaren aurkako eleberri bat da. Beti zigorrik gabe aterako direla uste dutenen abusuez mintzo da, eta emakumeen jabe balira bezala jokatzen dutenez. Bikotea osatzen duten neska eta mutila bizitzaren une erabakigarrian daude. Uda batek aldatuko du dena, behin betiko. Bi gazteak borrokan arituko dira nonahi dauden mafia txiki horien aurka. Misteriozko eleberria da esku artean duzuna, lehen unetik intrigaz gainezka egiten duena. Egia deseroso batzuk aurkitzera abiatuko zara protagonistekin batera, nahiz eta batzuek nahiago luketen egia horiek ez ezagutzea...

FRANCISCO CASTRO (Vigo, 1966). Filosofian lizentziatua eta idazlea. Galaxia argitaletxe galiziarrean hasi zen lanean 2008an, editore gisa, eta 2016tik aurrera argitaletxeko zuzendaria da. Idazle gisa, obra zabala du, eta sari ugari jaso du. Bere liburuak hainbat hizkuntzatara itzuli dituzte, eta, euskaraz, Sinbad deitzen zidan eta Iridium gazteentzako nobelak eta Isiltasun urte luzeak helduentzako eleberria argitaratu ditu (ALBERDANIA, 2018, 2019 eta 2020, hurrenez hurren).

1

–Ez ezak jarri nazka aurpegi hori, David. Bazakiat barru-barrutik gustatzen zaiala herrira joatea. Hilabete osoa diagu aurretik ondo pasatzeko. Beraz, saia hadi animatzen, nire oporrak dituk eta!

«Bai, zure oporrak dira, baina nireak ere bai», pentsatu zuen Davidek bere artean. Baina ea nork esaten zion ezer. Urtero berdin. Uda guztietan kopla bera, orain dela hamasei urtetik, gutxienez. Oroitzeko gauza denetik pasatzen baitu uda han; lehen, aita eta ama elkarrekin zeudenean, Anxeles, bere ama, ere joaten zen berekin. Azkeneko hiru urteotan, ordea, dibortziatu zirenetik, udako hilabete bat aitarekin pasatzen du eta beste bat amarekin. Eta aita­rekin tokatzen zaion hilabetea han pasatu behar izaten du, nahitaez, errukirako aukerarik gabe; han zera da, aitaren jaioterria, Galiziako O Con da Saínza herria, edo Lur Promestua, berari esatea gustatzen zaion bezala, munduko gizonik graziosoena dela sinetsita. Txikitan gustura joaten zen. Orain, ordea, aspertu egiten du toki hark. Orduan, tira!, ametitzeko modukoa zen, ilusio eta guzti egiten zion, zeren O Con da Saínzara joateak egun osoa hondartzan egotea esan nahi baitzuen eta basora ibilaldiak egitea eta ia egunero kanpoan bazkaltzea, eta umetan, gurasoekin egiten dituzunean, oraindik gustuko dituzun gauzak egitea. Baina orain ja ez. Umetan udak hiru hilabete infinitu ziren inoiz bukatzen ez ziren egun luzeez beteak, aisian eta jolasean pasatzeko. Orduan denbora eternoa zen. Orain, berriz, oporrek ez diote ezertarako ematen. Batez ere hilabete osoa igaro behar badu Jainkoaren eskutik utzitako herri galdu hartan.

Hara joan behar zuten egun tamalgarria baino astebete lehenago, abuztuaren lehena hurbilduz zihoan heinean aitari jartzen zitzaion ilusiozko espresio lelo hura begietan bizi-bizi ikusi zionean, azkeneko ahalegina egin zuen libra­tzeko, eta etxean bakarrik geratzeko baimena eskatu zion. Hori bai gustatuko litzaiokeela. Hilabete osoa berarentzat, etxean bakar-bakarrik. Askatasunezko hilabete bat aitarik eta amarik gabe, inolako obligaziorik gabe. Esan zion eta aitak espero zuena erantzun zion, ezetz, alegia.

–Han primeran pasatzen diagu, David. Ez hadi mainontzia izan.

O Con da Saínzako herria dena da aitarentzat; hortaz, alferrik esango zion berak ez zuela ongi pasatzen han, hilabete hura kondena zela berarentzat, aitak ez baitzuen amore emango eta ez baitzuen etxean bakarrik lagako, berak bere amets zoriontsuenetan imajinatzen zuen bezala. Aitarentzat abuztua O Con da Saínzako herrian ez da negoziagarri. Han jaio zen eta han bizi izan zen, hirira Medikuntza ikastera joan zen arte. Hango jendearekin eta batez ere herriko alkatearekin eztabaidak eta heldukadak nazkatzeraino izan ondoren joan zen; alkatea, jauntxo miserable bat, herri erdiaren eta herritar erdien bizitzaren jaun eta jabea zen, mesedetxoak egiten baitzituen, jendea berarekin zorretan egon zedin betiko: udalean entxufatu ez zuenari enpresa batentzako kreditua lortzen lagundu zion edo herri-lan bat enkargatu zion edo udalerako zerbait, edozer gauzak balio zuen herritarrei sentiarazteko faborea sekula betiko zor ziotela. Gizon makurra da, jauntxo doilor bat, udal hartan erabat agintzen duena bere inguruko guztien isiltasun miserablearen laguntzarekin. Bereak eta bi egin ditu, beti bere mesedetan, eta, hala ere, justiziak ez du inoiz harrapatu, nahiz eta mundu guztiak badakien udalean egin dituen irregulartasunen berri. Inoiz ez dute harrapatu eta, antza denez, inoiz ez dute harrapatuko ezertan. Denek ahopean hitz egiten dute poliziei, epaileei eta behar denari alkateak eskupetik egind