Larrialdiei aurre egitekobalio zigun tabernak, gure diru-poltsanez zegoen tokia besterik, berorrek badaki, jauna, batzuk larrialdian bizitzeko jaiotzen gara, eta autobidea egin zutenean eta jakin nuenean taberna ondoko gasolindegi zaharra itxi behar zutela, nik hari heldu nahi, eta Tomasi esan nion, alokairuan hartuko dugu, herriko batzuk etorriko dira behintzat, eta Tomasek niri, ez al digu lan gehiegi emango?, baina nik alde on hori zuela, nahi genuenean itxi, nahi genuenean zabaldu, uzteko nire esku, eta eskatu nion jotzeko mesedezPor soñar lo imposible,eta Tomasek gustura jo zuen, baina haren ahoko soinua gustatzen zitzaidan niri eta ez ahoa, haren ezpainak beti zeuden-eta lehorrak, eta harmonika jotzen hasten zenean, mingaina pasatzen zuen ezpainetatik behiek hausnar ondoko lerdeak kentzeko bezala, elkarrekin egoten ginen aldiro ahoko soinua ateratzen zuen patrikatik, eta begi-keinu bat egiten zidan, eta gero beti jotzen zuen pieza bera, nik batzuetan lagundu ere egiten nion kantatuz eta horrela, baina ni ez naiz oso trebea kanturako, eta amak esaten zidan, herdoildutako txirrita bat dirudin, makina bat aldiz entzun behar izan nion hori, baina nik sentimendu handia jartzen diotPor soñar lo imposiblejotari, neuk esatea bete-betekoa ez bada ere, eta poliki irteten zitzaigun saioa, Tomasek esaten zidana, aingeruen modura ateratzen zaizu, ezta mojek ere hain ezti, eta laster egin ginen nobio, harritu egingo zaio berorri, baina ahoko soinuak eraman ninduen aldarera, eta elizan sartzerakoan organoa hasi zeneanPor soñar lo imposible soñé que tú me queríasjotzen, negar-zotinka lehertu nintzen ni tuntunantoni bat bezala.
Leihoetako pertsianekkanpoko argia moteltzen dute, ilunpe halako batek hartua du logela. Matrimonio-ohe batean, berrogei urte inguruko gizon kaskail bat dago etzanda, begiak itxita eta gerritik gora biluzik. Ohearen bi alboetako mahaitxoetako batean, harmonika bat. Argi motelduak, aldian behin, distirak eragiten dizkio harmonikaren estalki zuri nakarrezkoari.
Dutxa baten hotsa entzuten da hurbil samarrean. Tomasek begiak zabaltzen ditu. Begiradaren parez pare, bainugelako atea dago irekita. Emakume biluzi baten silueta erdi nabaritzen da dutxako gortinen atzean. Mugimenduengatik, xaboia kentzen ari dela esan liteke. Handik gutxira, gortinak korritzen ditu. Emakume deigarri bat, Tomas baino gazteagoa, irteten da askatik. Xukadera harturik, Rosa lehortzen hasten da; bularrak lehendabizi, alua segidan. Oso astiro egiten ditu mugimenduok, emeki, plazera bilatuko balu bezala igurtzialdi bakoitzean. Xukaderarekin alua lehortzen ari delarik, burua jiratu eta Tomas dagoen aldera begiratzen du.
Tomasen eta Rosaren begiradek triki egin behar zuten unean, Tomasek begiak ixten ditu. Rosak ez du zirkina ikusteko astirik izan, baina irribarretxoa ateratzen zaio.
Gorputza bainu-zapiarekin estalirik, logelara doa. Tomasek begiak itxita jarraitzen du. Izerditan dago.
Rosa ohe ertzean erdi etzaten da, eta bere gorputza gizonarenera hurbiltzen du. Eskua pasatzen dio gerritik, bular aldeko ile sarriak kiribiltzen dizkio hatz puntarekin, mingaina pasatzen dio ezkerreko titiburuaren inguruan. Gizonak besoak zabaltzen ditu, soseguz dago eta Rosari nahi duena egin dezan uzten dio.
Emakumeak jokoarekin segitzen du, hitzño atseginak esaten dizkio.
Tupustean, ordea, Tomasek erreakzionatu egiten du: modu bortitz batez, emakumea hartzen du eta musukatzen hasten zaio. Rosak aurpegia apartatzen du pixka bat. Irribarrez, eskua pasatzen dio masailean:
Triku batekin ari naizela ematen du, diotso emakumeak