: Aritz Galarraga
: Gorka Bereziartua
: Humanitatearen une gorenak
: Alberdania
: 9788498687712
: 1
: CHF 10.70
:
: Essays, Feuilleton, Literaturkritik, Interviews
: Basque
: 188
: Wasserzeichen
: PC/MAC/eReader/Tablet
: ePUB
«Hemen ere, artearen eta bizitzaren eremu guztietan bezala, une gorenak, ahaztezinak, oso arraroak dira», idatzi zuen Stefan Zweig austriarrak. Horretaz kontziente, Aritz Galarragak liburu honetan bildu ditu humanitatearen une goren batzuk, alegia, eguneroko bizitza arruntaren gauza txikiak, gorabehera ezdeusak, lehen kolpean atentzio berezirik ematen ez dutenak, aktualitatearen diktaduratik urrundu eta inguruko errealitateari begiratzen diotenak. Ezinbestean agertzen dira hala irakurketak, lagunarteak, kotidianitateak eskaintzen dituen sorpresa atseginak -eta, batzuetan, ez hain atseginak-. Paseoaz, siestaz, ardoaz ari zaizkigu testu batzuk, hilerrietako bisita, edertasun, inskripzioez beste batzuk, Mitteleuropaz, Mediterraneoaz, noski Frantziaz, eta ia-ia pertsonaia balira bezala azaltzen dira Annie Ernaux, Chantal Akerman, Antoine Compagnon edota MZ; eta, besteren gainetik, haiek sortutako obrak. Jatorrian prentsarako zutabe, biziberrituta agertzen dira Humanitatearen une gorenak liburua osatzen duten testuak, edizio lan zorrotz bati esker; modu horretan, pieza solte zirenak, haien arteko elkarrizketan ari zaizkigu hemen, barne korronte sendoez zeharkatuak, osotasunean. Eta azken emaitza, hartara, saiakera literario askotariko bat da, Michel de Montaignek ireki zuen bidetik, idazlearen kezka itxuraz hutsalak, eta era berean erabat unibertsalak, modu pertsonalean ekartzen dituena.

ARITZ GALARRAGA (Hondarribia, 1980) Arte eta Literatura ikasketak egin ditu Bilbo eta Bartzelonan. Unibertsitate irakasle gisa aritu da UABn, UBn eta EHUn. Ipuin katalan garaikideak biltzen dituen Hobe kontatzen ez badidazu (2014) liburuko aukeraketa eta hitzaurrea egiteaz gain, Joxemari Iturralde (Kaleidoskopioa, 2012) eta Joxemiel Bidador (Klasiko bitxi, arront klasiko, 2016) idazleen prentsarako artikuluen edizio bana prestatu du. Salvador Espriu eta Joan Vinyoli idazle katalanen poemak itzuli ditu euskarara, eta Gabriel Ferraterren antologia bat publikatu du Munduko Poesia Kaierak bilduman. Euskal hedabideetako ohiko kolaboratzailea da, Argia, Berria, Deia, Erlea, Euskadi Irratia, The Balde eta abarretan. Estralanak lanean (2017) bildu dizkiote prentsarako idatzi dituen testu esanguratsuenetako batzuk. Posteritatea izenekoan (2020), aldiz, hamar urtez idatzitako nobedade ez diren liburuen iruzkinak. Argitaratu duen azken liburua Gogoan dut (2021) oroitzapen bilduma da.

2019-2020


UDA BAT


Frantzia aldean bada, nola esan, gertakizun bat, lehenik dena irratsaio, hartzeko gero liburu forma.Un été avec izena du, orokorki, eta urtero eskaintzen diote pertsonalitate bati (orain arteko guztiak izan dira gizonezko, puntu negatiboa). Espainia aldean garai batean uda Ana Obregónen hondar­tzako irudiekin hasten zen bezala, nire uda partikularra ez da hasten urtekoUn été avec liburua erosten dudan arte. Aurtengo uda pasa dut, modu horretan, Paul Valéryrekin –«Je hume ici ma future fumée, / Et le ciel chante à l’âme consumée / Le changement des rives en rumeur»–. Momentuz, ordea, nire udarik maiteena jarraitzen du izaten Montaignerekin pasa nuen hura. Besteak beste, nire kontzientziari uzten diolako atzeratzen haren entseiu osoen irakurketa.

Bestela, halako gauzengatik ez balitz, uda ez baitut bereziki atsegin. Are uda bukatzeko desiatzen egoten naiz maiz. Ez hainbeste uda urtaro gisa, nork ez du eskertzen eguzki pixka bat azalean, itsasoko brisa pixka bat aurpegian, izozki pixka bat alkandora estreinatu berrian. Baina bai ofiziala, abuztua, norabait joan behar, zerbait egin behar, guapo egon behar horrekin (gertatzen zaigun guztia merezi dugu, eta gehiago). Sakonago jarrita, pentsatu nahi dut hurrengo uda noiz iritsiko den desiatzen hasteko desio dudala uda hau bukatzea. Gauza jakina baita desioa beti errealitatea baino askoz ere gauza biziagoa dela.

Tarteka sorpresaren bat: hasten duzu uda, gogo handirik gabe, nagi ez gutxirekin, uda bat gehiago balitz bezala. Eta, bizitza zer den, bukatzen duzu lerrootan, testuok idazten, Santi Leoné maitearen hutsunea bete nahian (eta noski bete ezinean). Denbora puska bat pasako dugu elkarrekin hartara (nik uste azkenerako kariñoa hartuko diogula elkarri). Denbora puska bat, humanitatearen une gorenekin.

100 METRO WALLAPOPEN


Kaixo, Aritz izena dut, eta Wallapop aplikazioaren erabil­tzaile nauzue. Tira, ez agian terapia hartu behar izateraino, baina maiz samar erabiltzen dudala aitor dezaket. Adikzio bat baitut: liburuzalea naiz. Liburutegiak maite ditut, noski. Liburuak erosteak igotzen dit glukosa, ordea. Egiten dut sarri liburu-dendetan –VIP txartela eman zidaten auzokoan–. Badira, aldiz, eskuratzen zail diren liburuak. Eta, zer nahi duzue esatea, sarean zehar aurki daitezkeen atarien erraztasuna alboratuta, nahiago izaten dut Wallapop bezalako aplikazio batek eskaintzen didan aukera, ez esateagatik abentura.

Modu horretan eskuratu baitut ez bat ez bi harribitxi: deskatalogatuta zegoen ale aurkiezinen bat, saltzaile espezializatuek bost aldiz garestiago saltzen zuten edizioren bat, ia berria izan arren dendetako prezioaren laurdenean oparitzen zuten nobedaderen bat. Eta badakit sekretu hau konfesatuta orain denok ero moduan Wallapopen bilatzen hasteko arriskua dagoela. Baina errealista izanik, nori interesatzen zaio negozio klase hau?

Aplikaziotik eskuratu dudan azken liburua izan da Ramon Saizarbitoriaren100 metro, lehen edizio bat, bi euro ziztrinean. Kontatuko dizuet nola. Kontaktua egin dut sal­tzailearekin, Jose izen faltsua erabilita. Ez nau harritu trukea egiteko aukeratu duen lekuak, Donostiako Konstituzio plaza. Gehiago orduak, goizeko zortzietan. Hantxe nago, puntual. Halako batean, atzean pauso hots lehorrak. Badaezpada, Aiuntamentua eskuin aldera utziz, Zamudioren terrazarantz zuzentzen ditut pausoak. «Para o te aso, cabrón». Nire susmoak konfirmatzen dira metro pare bat atzetik tipo bat korrika ikusten dudanean. Orduan, hots berri bat dator soinuen ekilibrioa haustera. Sabelean jasotzen dut espero nuen tiroa. Badakit hilda nagoela. Sei segundo. Denbora eman dit saltzailea ebaluatzeko. Bost izarrekin, noski.

EZ ZAIT JENDEA GUSTATZEN


Horrela, oro har. Kolektibo gisa. Salbuespenekin, noski. Badira jasangarri zaizkidan gizabanakoak, are maite ditudan gutxi batzuk ere. Izango da agian nahasmenduren bat. Kontua da nahiago izaten dudala etxean geratu, adibidez sofan, kanpoalde gordinera atera baino. Batzuetan, baiki, ateratzen naiz, atera behar izaten dut, besterik ez bada patata zurituaren kolorea ken dakidan. Eta horrelakoetan banku batera joan ohi naiz, liburutegi publiko eta aldi berean pribatu ere baden banku bat.

Ondo. Nire bizitza zergatik kontatzen dizuedan: bada, banku horretara joan nintzen azken aldian oso fuerte flipatu nuelako. Nahi gabe, akaso liburuak ez ninduelako katigatu,