: Koldo Mitxelena
: Koldo Mitxelena gure artean
: Alberdania
: 9788498685800
: 1
: CHF 11.60
:
: Erzählende Literatur
: Basque
: 448
: kein Kopierschutz
: PC/MAC/eReader/Tablet
: ePUB
'Euskaltzaleen arteko jardun sarria da euskararen eta hizkuntzen arteko elkarbizitzaren estrategia eta estrategak falta zaizkigula esatea. Eta horretaz ari garenean, Koldo Mitxelenaren aipamena egiten da aldez edo moldez. Inolako gaurkotasunik galdu ez duen hizkuntza eta herri ikuskera baten jabe da Koldo Mitxelenaren pentsamendua -lehenaren lokarri, orainaren maisu, etorkizunerako bidaide-, eta bizitzen ari garen garai politiko honetan, inkomunikazioaren itzal luzeak elkarbizitza iluntzeko arriskua bizi dugunean, garrantzitsua iruditzen zait Mitxelenaren pentsamendua plazaratzea, eta ez, hain zuzen, liskarra hauspotzeko, elkarbizitzari buruzko eztabaidak behar-beharrezkoa duen zentzuzko ikuspuntu garrantzitsu bat -Koldo Mitxelenarena- ezagutarazteko: hain zuzen ere, oraindik euskal gizarteak eskain dezakeen zehatzen eta sakonena, ezbairik gabe eta ideologiak ideologia. Elkarbizitzak bultzatuta ikusten zuen hain garbi eta hain hil edo biziko euskara batuaren premia, eta, garaiko liskarren gaindi, denborak garbi erakutsi du batuak, hizkuntza bera modernizatzeaz gainera, batu egin gaituela euskaldunok. Euskara baturik gabe, ez gaurko euskara ez gaurko Euskal Herria ez ziren diren bezalakoak izango. Tamalez, herri honek kitatu gabe du zor hori Mitxelenarekin eta, bide batez eta tamalgarriagoa dena, baita bere buruarekin ere'. Anjel Lertxundi

Koldo Mitxelena Elissalt (Errenteria, 1915 - Donostia, 1987), hizkuntzalari eta idazlea. Lanean ari zela egin zuen batxiler-goa. Gerra Zibilean gudari ibili zen, eta Santoñan hartu zuten preso. Hiltzera kon-denatua, zortzi urte egin zituen kartzelan eta han hasi zen Filosofia eta Letrak ikasten, hizkuntza klasikoak eta modernoak. 1954an Euskaltzain Oso izendatu zuten. Sorbona, Salamanca eta Euskal Herriko unibertsitateetan irakasle jardun zuen. Euskararen historiak ezinbesteko erreferentzia du bai ikerlari gisa, bai hizkuntza batasunaren eragile moduan ere. Doctor Honoris Causa Bordeleko eta Bartzelonako unibertsitateetan, Menéndez Pidal eta Ossian sariak jaso zituen.

Toki bat, gure tokia

Roman Sudupe Olaizola

Gipuzkoako Diputatu Nagusia

“Gure herriak herri artean bere tokia behar duen bezala, hizkuntzak ere berea aurkitu behar du hizkuntza artean: handikeriazko menturarik gabe, iraupena eta hazkuntza segurtatzeko behar adinako tokia”.

Koldo Mitxelena

Euskararen bide luze bezain malkarrak

Behar adinako tokia gure euskararentzat: horrela utzi zuen idatzirik Koldo Mitxelena maisuak euskararentzat etorkizuna aurkitzeko urratu beharreko bidea. Irudi luke, ordea, joan den hogei urte honetan leku hori, gure lekua, alegia, non egon daitekeen ezin asmaturik, bidean galdurik bezala gabiltzala, nahiz urte horietan gure eskuetan izan ditugun, botere politiko eta erabakimen tresna indartsu askoak, bai ugaritasunaren bai irismen mailaren aldetik ere.

Aurretik gure herriaren historia luzean ez bezala, gaur egun lege-arauak, botere politikoa, diru bideak eta tresna eraginkorrak ditugu euskararen alde. Badakigu, ongi jakin ere, gure hizkuntzari dagokionez gauzak ez doazela beti bide onetik, euskara herritar guztion kultur ondaretzat jo beharko litzatekeen herrialde guztietan, eta harrigarria dirudien arren, bulego ofizial batzuetan oraindik euskararen erabilera sozialari hesi-mugak jartzeko ahalegin gogorrak antolatu eta kudeatzen direla. Errealitate gordin hori ezkutatu nahi izan gabe, ordea, ukaezina da euskararen aldeko ahalegina ez dela ahuntzaren gauerdiko eztula, eta hori ikusi nahi ez duenak ez dituela ikusi nahi ezta ere gure gizartean joan den hamarkada hauetan hizkuntz arazoez gertatu diren aldakuntza sakonak.

Herri agintearen aldetik, egoera ahulean aurkitzen den euskararen geroa ziurtatzeko behar den guztia egiteko oinarriak ezarri dira urte hauetan, bai egituretan, bai diru horniduretan, bai plangintzan ere, bereziki hezkuntzaren esparruan, besteak beste. Badugu garaia, beraz, geure buruari galde diezaiogun ea ahalegin izugarri horrek espero zitezkeen emaitzak sortu ote dituen euskararen erabilera sozialaren aldetik: euskaraz gehiago egiten al da orain lehen baino? Ez da galdera erraza, erantzun bakarrekoa ez behintzat, eta zuhurgabe litzateke hitz labur batez erantzutea. Aitzitik, nago erantzunak ez ote dituen hurbilbide asko behar, ikusmolde desberdin asko jaso, egiaren zati bat bederen islatu nahi baldin badu.

Zinez, ez dut uste gaurko euskararen egoera sozial mugatu eta ahula zuzen uler daitekeenik kontuan hartu gabe urte luzeetako elebakartasun ofiziala, hizkuntz zapalkuntza gutxi edo gehiago ezkutua, eta euskararen aurkako irudikapen sozial negatiboen ezarpena (euskara, baserri giroaren eta atzerapenaren ikur). Hori dena ahantzi gabe, ez dugu deus askorik aurreratzen euskaldun askok eta askok aspaldiko denboretatik euskarari buruz erakutsi izan duten utzikeriaren edo zabarkeriaren aitzakia edo estalgarri gisa erabili nahi badugu. Alferrik ibiliko gara gure hizkuntz arazo eta gaitzguztien iturria badiren eta ez diren lege edo arauetan bilatu nahirik, aldi berean argi eta garbi onartzen ez badugu euskararen erabilera oztopatzen duten faktore asko eta asko gure baitakoak direla, euskaldunon baitakoak alegia.­ Euskaldun askoren hizkuntz gaitasun maila apala, egoera formal gehienetan erdaraz aritzeko joera edo errazkeria, euskaraz jasotako prestakuntza profesional urria, euskararen eragin indar sozial mugatua, gure hizkuntz jarrera eta jokabideen arteko desoreka begi bistakoa (Bernardo Atxagak ederki gogorarazi digunez, jendeak berealdiko gauza pila egiten du euskararen alde, salbu eta beharrezkoa den bakarra: hitz egitea), euskararen ideologizazio maila handiegia edo indarkeriari gehiegitan loturik agertzea, besteak beste, denak dira gure gizartearen barru-barrutik euskararen erabilera sozialaren normalizazioa zango-trabatzen duten faktoreak.

Argi-ilunak ikusten ditugu, zer duda, euskararen egoerari buruz egungo gizartean. Labur beharrez, argien artean: gazte andana daukagu, sekulan ez bezalakoa, euskaraz hazi, hezi eta bizi dena, modu natural samarrean, jarrera edo jokabide ideologiko zehatz baten behar larririk izan gabe behintzat. Eta itzalen artean: euskararen orainaz eta geroaz gure gizartean daukagun adostasun sozial eta politikoa oso urria da, urriegia nire iritziz.