ETXEKO HAUTSA
© 2011, Anjel Lertxundi
© Edizio honena: 2011,ALBERDANIA, S.L.
Istillaga, 2, behea C. 20304 Irun
Tf.: 943 63 28 14 Faxa: 943 63 80 55
alberdania@alberdania.net
Azala: Antton Olariaga, Unai Pascualen argazki batean oinarrituta
Libenet, S.L.-ek digitalizatua
www.libenet.net
Paperezko edizioaren ISBN zenbakia: 978-84-9868-290-8
Edizio digitalaren ISBN zenbakia: 978-84-9868-315-8
Legezko Gordailua: SS 626/11
ETXEKO HAUTSA
Anjel Lertxundi
A L B E R D A N I A
E L E B E R R I A
Artean hain gazte, xalo, sutsu, tonto, eskarmenturik gabeak ginen garai haietaz galdetu nion. Hartatik guztitik zerbait gelditu da, gaztetasuna izan ezik, erantzun zuen.
Antonio Tabucchi
Denbora agudo zahartzen da
Lehenik, idatzi egin behar da, noski. Gero, idazten segitu behar da. Baita inori interesatzen ez zaionean ere, baita inpresioa dugunean ere idazten duguna ez zaiola sekula interesatuko inori.
Agota Kristof
Analfabetoa
Biok artega bezala geunden. Badirudi artegatasun hori dela guraso-semealabek elkar ulertzeko duten posibilitate bakarra […] Ba al dakik zeren falta duan hik? Gizona gizon egiten duen huraxe falta zaik: gauzak datozen bezala hartzen jakitea. […] “Aitatxo, benetan zoragarri”. Zoriontsu nintzen berriro ere aitatxo hitza atera zitzaidalako.
Heinrich Böll
Pailazo baten aburuak
1
Fabore bat eskatu nahi zidala, horixe esan zidan estreina, apartamentuko atea zabaldu nionean. Eskaileretan gora, aza minduaren usain zaharra, bero sapak gizendua.
Zurbil zegoen Neska, baina zurbiltasuna ez zen eguzki faltak eragina. Ez, behintzat, horrek bakarrik. Masailezurrak dardaratxoa egiten zion. Urduri zegoen eta deseroso. Baina baita atsegin agertu nahian ere, Jean zigarro-pakete baten bueltan eskuak lotuta. Ematen zuen damututa zegoela nire atea jo izanaz. Edo, bestela, ez zekiela nondik hasi.
Deseroso sentitzen ari nintzen neu ere. Etxeko arropa narrasarekin nengoen, orraztu gabe eta bizarra egiteke, baina ez zen itxura nire egonezinaren kausa.
Hitz egin lasai, esan nion, baina hitzik gabe. Bekainen mugimendu arin batekin baino ez. Egokiera berrietan hitz egiteak eragiten didan urduritasunak zirkinen erabilera lantzera eraman nau.
Neskak begirada jaitsi zuen esku artean zeukan zigarro -paketera. Ile gaztaina-kolorearen xerlo bihurri bat erdi erori zitzaion kopetan behera. Buru-kolpe batez itzularazi zuen bere tokira, eta ahoa zabaldu zuen. Segurtasun handirik gabe hitz egin zuen, ahots ohi baino zoliago batez. Esan behar zidanak sosegua kenduko balio bezala:
Fabore eske natorrek.
Ume baten kurrixkak eta emakume baten errieta heldu zitzaizkigun eskaileren goi aldetik. Arriskuaren sentsazioa areagotu egin zitzaidan. Atetik apartatu nintzen sen hutsez, eta barrura sartzeko keinua egin nion. Sotil-sotil gonbidatu nuen pasatzera, garbi uzteko ez zela zuhurra biok atean segitzea, horregatik apartatu nintzela atetik. Ez dakit ulertu zidan hitzez esan ez niona: bera ez zen sekula izan nire apartamentuan, eta nekez biltzen dut nik, orduan neke gehiagoz gaur baino, emakumeak etxera gonbidatzeko kemenik.
Ate-kolpe zakar baten hotsa etorri zen eskailera-zuloaren goiko partetik. Umearen kurrixkak eta emakumearen errieta apaldu egin ziren.
Neskak arnasa bota zuen. Gero, oinetako-zoruak igurtzi zituen sarrerako alfonbratxoan, baina haren buruak ezezkoa egin zion etxera sartzeko nire esk