SARBIDEAInazio Mujika Iraola
Editore adiskideak hitz batzuk eskatu zizkidaneanOtto Petteren25. urteurreneko edizioari eransteko, aurreneko hitzetik argitu nahi izan nion, adiskide eta lankide izan dudalako berak ondo asko aurrez zekiena, alegia ezin nuela nik literatur kritikako testu burutsurik idatzi, ezer berririk erantsi dagoeneko esan direnei, bazirela horretarako nirea baino luma hobeak, zehatzago eta zorrotzago arituko zirenak. Hitzartu genuen, beraz, kontakizunerako sarbide bat idatziko nuela, sarbide guztiak bezala, irakurleak askatasunez irakurri edo saltatu zezakeena zuzenean muinera jotzeko.
Aurretik, testuaren eguneratzea enkargatua zidan gainera adiskideak. Gaur egungo irakurlearentzat editatu beharra zegoen, gaur egungoak izango baititu izatez gerotanOtto Pettek irakurleak: sortu zenean irakurtzeko adina bazutenak eta orduan irakurri ez zutenak (edo bai, baina berriz irakurriko luketenak gustura), adinagatik artean gauza arinagoak irakurtzen hasiak zirenak eta are jaiotzeko zirenak ere. Berez, atsegin handiz egin dudan lana izan da, irakurketa arretatsua eskatu didana, baina funtsean, hitzen forma batzuk gorabehera, ukitu oso txikiak egitera behartu nauena. Lana ez da batere nekea izan, oroitzapenetan itzuli dizkidan une gozatsuen ondoan: aurpegi lagunak, ahots maiteak, konpainia noblea.
Aurreneko berria izango nuen nik Anjel eta biok Ereingo editore lanetan ari ginela, ni hasi berri-berria,1990eko urteen hasieran bertan. Egun batean etorri zitzaidan pijama paperean inprimatutako folio andana batekin (ordenadoreko erabiltzaile aurrenetakoa da Anjel, baina Amstrad zaharretakoa; kostatu zitzaidanMACera ekartzea). Folio haietan, pare bat edo hiru narrazio zeuden oso ondo gogoan ez ditudanak. Esango nuke seguru samar han zela Errondalen ihesa behintzat. Ipuin liburu bat egiteko zela esan zidan orduan Anjelek, Erdi Aroan kokatutako narrazioz osatua.
Handik egun batzuetara, ia iritzia emateko denborarik gabe, beste dozena bat foliorekin etorri zitzaidan. Hor, ekintza, gure garaian gertatzen zen. Terraza batean zegoen tipo bat pastis bat edaten eta emakume arrotz berdez jantzitako bat agertzen zitzaion eta aldamenean esertzen. Mahai gainean uzten zizkion pasaporte bat eta gutunazal bat.Kapitain Frakasa izango zenaren lehen kapitulua zen.
Bi proiektuen gainean aritu ginela gogoan dut: ipuin-bilduma bat alde batetik; bestea, berriz, nobela baten hasiera. Garrantzi handirik ez du orain, eta Anjel ezagututa, ez dut ilusio handirik egiten nik hala esan niolako hartu zuela hartu zuen bidea, baina gogoratzen naiz Antibes eta Ivreara bidali nuela segituan, Erret Hiria gerorako utzita. Eta hala egin nuen, une hartan niretzat interesgarriago iruditu zitzaidalako proiektu hura; nik irakurri nahi nuen liburua hura zelako, edo, nork daki, nik idatzi nahi nuen liburua ez ote zen hura agian. Anjeli, artean, Otto Pette bezalako pertsonaia indartsu bat falta zitzaiola iruditzen zait orain, kontakizunari bizkarrezurra emango ziona.
Hogeita bost urte pasatu dira eta gaur ikusten dut bi nobela haiek, garaiak garai eta pertsonaiak pertsonaia, eskeman, oso antzekoa dutela abiapuntua. Pertsonaia bat dago etxean edo terrazan bakoitza bere mamuekin bueltaka, eta beste pertsonaia bat agertzen da eszenan, atea kox-kox joka, ezezaguna, arrotza, etxean edo terrazan dagoenaren lasaitasuna eta bere mamuena aztoratzera eta durduzatzera.
Garai hartan Euskadi Irratian, Andia kaleko ganbara hartan, biltzen ginen literatur saio bat egitera, astero liburu bat irakurri eta irratian komentatzera, Gurutze Aldabaldetreku, Felipe Juaristi, Anjel bera eta ni neu. Gaztelaniaz irakurtzen genituen liburuak, baina euskaraz zen tertulia. Ez dakit ezer zuzenik esango genuen antenan, zorionez ez dut uste gordeta egongo direnik zinta haiek. Baina handik aterata, Basque kafet