: Anjel Lertxundi
: Piztiaren izena
: Alberdania
: 9788498686036
: 1
: CHF 6.90
:
: Märchen, Sagen, Legenden
: Basque
: 208
: kein Kopierschutz
: PC/MAC/eReader/Tablet
: ePUB
Deabrua, mito faustikoa, alegia deabruari arima saltzea dohain baten truke. Gai horren inguruko bost ipuin eta glosario bat ageri dira liburuan. Lertxundik horretarako euskal ahozko tradizioa eta Europako tradizio idatzia aztertu behar izan ditu eta elkarrekin harremanetan jarri. Sail berri baten lehen alea da hau.

Anjel Lertxundi (Orio, 1948). Hunik arrats artean (1970) ipuin bilduma izan zen argitaratu zuen lehen liburua. Bereak dira, besteak beste, Goiko Kale (1973; ALBERDANIAn, 2000), Aise eman zenidan eskua (1979), Hamaseigarrenean aidanez (1983), Carla (1989), Lurrak berdinduko nau (1990), Kapitain Frakasa (1991), Otto Pette (1994), Piztiaren izena (1995), Azkenaz beste (1996), Argizariaren egunak (1998, Euskadi Literatur Saria), Lehorreko koadernoa (1998), Zorion perfektua (2002), Ihes betea (2006), Zoaz infernura, laztana (2008), Etxeko hautsa (2011) eta Horma (2017) eleberriak, Konpainia noblean (2004) narrazio liburua, Letrak kalekantoitik (1996), Gogoa zubi (1999), Mentura dugun artean (2001), Eskarmentuaren paperak (2009, Saiakera Sari Nazionala) eta Paper-festa (2012) saiakerak eta Italia, bizitza hizpide (2004) kronika liburua.

I

Bettini Txerren

Ahi, quanto egli era nell´aspetto fiero!

Dante,Inferno,XXI, 31

Urria zen, artoak burutu eta ainarak buztan-tzen diren urte-sasoia. Eguzkia erpinean, ohiko bazkari-pasa egitera bildu ginen mahastiko txabolaren atarian. Bi astoren gainean jarritako oholek egiten zuten mahaiarena. Mahatsa biltzeko kopelotarrak genituen aulki eta, haiek irauli ondoren, bertan eseri ginen hamar bat mahats-biltzaile. Mahastizaina zen ofizioko bakarra. Haren auzo, senide, bezero eta lagunak ginen gainerakoak, eta, adinez nahiz lanbidez oso enbor desberdinetako ezpalak baginen ere, mahastizainari lagundu nahiak elkartzen gintuen urtero eta mahats-bilketako lagun-giroak berdintzen.

Hirugiharra eta arrautza frijituak atera zizkigun mahastizainaren emazteak. Haren ibilera sosegatuak sasoian aurrera zihoala salatzen bazuen ere, aurpegiko orin ugariek eta irribarre errazak gaztetzen zuten. Emakume bakarra zen taldean, eta bazkaltiarrak senarra zirikatzen hasi ziren, horrelakoetan ohikoak direnak esaka. Emazteak, ordea, aurrea hartu zion senarrari eta bera hasi zen, hik niri zimiko, nik hiri zaramiko, bazkaltiarren txantxa eta zirtoei erantzuten. Senarrak halamoduzko irribarre urduriz eta begi-mugimendu azkarrez pairatzen zituen emaztearen estraineko ateraldi, itsumustuko erantzun eta ziriak. Baldarkeriei pikardia, ezten eta aieruei ausardia, gizonezkoen gatzari emakume-ozpina, mahastizainaren emaztea berehala jabetu zen egoeraz, eta gizonezkoen farfaila ahituz joan zen, baso bat buruz behera sartu zaion kandela piztu baten sua bezala.

Senarrak txakolinez bete zuen nire basoa eta, ordu arteko desosegutik aske, kolpe adeitsu bat eman zidan ukalondoan.

—Ez duzu zirkinik galtzen —akuilatu ninduen. Aspalditik ezagutzen genuen elkar, baina mahastizaina ez zen ohitzen ni bezalako liburu-sits baten (niri ikasia du esamoldea) jakinminera: inausketaz galde, txertaketaz solas, muztioaren eta hondakinen erabilkeraz kitzika, ez nuen mahatsaren inguruko gorabehera nagusiak zein saihets-auziak biltzeko egokierarik galtzen.

Sorbaldak jaso, halamoduzko keinuaz uxatu eran-tzun beharra, eta edalontzia eraman nuen ezpainetara. Zer esan nezakeen? Ez ditudala egoera anbiguoak eta zimardikak atsegin, ezta mahats-bilketa baten usadio tradizional-usteen abarora babesten direnak ere? Emaztea hain mihi baldarren arriskura utzi izana aurpegiratu behar al nion? Nor nintzen ni beti abegi ona erakutsi zidan gizon xeratsu hari bekosko ilunez begiratzeko?

Haize-bala hotz batek jo zuen itsasaldetik, mahastiko hostapea dardararaziz. Laino-mataza bat eguzkia irensten hasi zen, eta ordu arteko kolore dirdaitsua galdu zuen mahastiak. Bat-bateko giroaren aldaketa hezeak atera ninduen zerbait esan beharraren atakatik, eta basoa hustu nuen.

Une hartan belatxinga batek marraka egin zuen mahastiko hormaren kontrako sasi aldetik. Zama gehiegiak abaildutako zuhaitz-adar baten krakatekoa gogo