: Anjel Lertxundi
: Etxeko hautsa
: Alberdania
: 9788498683158
: 1
: CHF 5.70
:
: Erzählende Literatur
: Basque
: 242
: Wasserzeichen
: PC/MAC/eReader/Tablet
: ePUB
Franco hil aurreko azken urteetako giroarekin hasten da liburua eta orduan narratzaileak bizi izandako gertaera batekin: ETAko bi kide eraman behar izan zituen, arratsalde sargori batean, bere autoan herri batetik bestera. Hogei urte geroago ari da narratzailea orduko giroa eta giroari buruzko hausnarketa idatzia idazten zerga iraultzailea eskatu dioten aitari, buruko gaixotasun baten eraginez ahanzturaren eremuan bizitzen hasita dagoen aitari. Era horretan, aita-semeen arteko harremanaren aztertzea ere bada liburua. Nolabaiteko aitortze mingarri bat. Narratzailearen memoriako hariz hasten da gertakarien oroimen inperfektua agertzen, esandako gauzak eta isildutakoak, behin eta berriz Franco hil aurreko arratsalde sargori hartara eramaten dutenak. Narratzaileak bere aitari egiten dion aitorpenak gure historiaren azken urteak hartzen ditu aintzat, bere ilungune eta miseriekin, galderak sortzen dira irakurri ahala, eta galdera horiek guretzat dira.

Anjel Lertxundi (Orio, 1948). Hunik arrats artean (1970) ipuin bilduma izan zen argitaratu zuen lehen liburua. Bereak dira, besteak beste, Goiko Kale (1973; ALBERDANIAn, 2000), Aise eman zenidan eskua (1979), Hamaseigarrenean aidanez (1983), Carla (1989), Lurrak berdinduko nau (1990), Kapitain Frakasa (1991), Otto Pette (1994), Piztiaren izena (1995), Azkenaz beste (1996), Argizariaren egunak (1998, Euskadi Literatur Saria), Lehorreko koadernoa (1998), Zorion perfektua (2002), Ihes betea (2006), Zoaz infernura, laztana (2008), Etxeko hautsa (2011) eta Horma (2017) eleberriak, Konpainia noblean (2004) narrazio liburua, Letrak kalekantoitik (1996), Gogoa zubi (1999), Mentura dugun artean (2001), Eskarmentuaren paperak (2009, Saiakera Sari Nazionala) eta Paper-festa (2012) saiakerak eta Italia, bizitza hizpide (2004) kronika liburua.

ETXEKO HAUTSA




© 2011, Anjel Lertxundi

© Edizio honena: 2011,ALBERDANIA, S.L.

Istillaga, 2, behea C. 20304 Irun

Tf.: 943 63 28 14 Faxa: 943 63 80 55

alberdania@alberdania.net

Azala: Antton Olariaga, Unai Pascualen argazki batean oinarrituta

Libenet, S.L.-ek digitalizatua

www.libenet.net



Paperezko edizioaren ISBN zenbakia: 978-84-9868-290-8

Edizio digitalaren ISBN zenbakia: 978-84-9868-315-8

Legezko Gordailua: SS 626/11

ETXEKO HAUTSA

Anjel Lertxundi

A L B E R D A N I A

E L E B E R R I A

Artean hain gazte, xalo, sutsu, tonto, eskarmenturik gabeak ginen garai haietaz galdetu nion. Hartatik guztitik zerbait gelditu da, gaztetasuna izan ezik, erantzun zuen.

Antonio Tabucchi

Denbora agudo zahartzen da

 

Lehenik, idatzi egin behar da, noski. Gero, idazten segitu behar da. Baita inori interesatzen ez zaionean ere, baita inpresioa dugunean ere idazten duguna ez zaiola sekula interesatuko inori.

Agota Kristof

Analfabetoa

 

Biok artega bezala geunden. Badirudi artegatasun hori dela guraso-semealabek elkar ulertzeko duten posibilitate bakarra […] Ba al dakik zeren falta duan hik? Gizona gizon egiten duen huraxe falta zaik: gauzak datozen bezala hartzen jakitea. […] “Aitatxo, benetan zoragarri”. Zoriontsu nintzen berriro ere aitatxo hitza atera zitzaidalako.

Heinrich Böll

Pailazo baten aburuak

1


Fabore bat eskatu nahi zidala, horixe esan zidan estreina, apartamentuko atea zabaldu nionean. Eskaileretan gora, aza minduaren usain zaharra, bero sapak gizendua.

Zurbil zegoen Neska, baina zurbiltasuna ez zen eguzki faltak eragina. Ez, behintzat, horrek bakarrik. Masailezurrak dardaratxoa egiten zion. Urduri zegoen eta deseroso. Baina baita atsegin agertu nahian ere, Jean zigarro-pakete baten bueltan eskuak lotuta. Ematen zuen damututa zegoela nire atea jo izanaz. Edo, bestela, ez zekiela nondik hasi.

Deseroso sentitzen ari nintzen neu ere. Etxeko arropa narrasarekin nengoen, orraztu gabe eta bizarra egiteke, baina ez zen itxura nire egonezinaren kausa.

Hitz egin lasai, esan nion, baina hitzik gabe. Bekainen mugimendu arin batekin baino ez. Egokiera berrietan hitz egiteak eragiten didan urduritasunak zirkinen erabilera lantzera eraman nau.

Neskak begirada jaitsi zuen esku artean zeukan zigarro -paketera. Ile gaztaina-kolorearen xerlo bihurri bat erdi erori zitzaion kopetan behera. Buru-kolpe batez itzularazi zuen bere tokira, eta ahoa zabaldu zuen. Segurtasun handirik gabe hitz egin zuen, ahots ohi baino zoliago batez. Esan behar zidanak sosegua kenduko balio bezala:

Fabore eske natorrek.

Ume baten kurrixkak eta emakume baten errieta heldu zitzaizkigun eskaileren goi aldetik. Arriskuaren sentsazioa areagotu egin zitzaidan. Atetik apartatu nintzen sen hutsez, eta barrura sartzeko keinua egin nion. Sotil-sotil gonbidatu nuen pasatzera, garbi uzteko ez zela zuhurra biok atean segitzea, horregatik apartatu nintzela atetik. Ez dakit ulertu zidan hitzez esan ez niona: bera ez zen sekula izan nire apartamentuan, eta nekez biltzen dut nik, orduan neke gehiagoz gaur baino, emakumeak etxera gonbidatzeko kemenik.

Ate-kolpe zakar baten hotsa etorri zen eskailera-zuloaren goiko partetik. Umearen kurrixkak eta emakumearen errieta apaldu egin ziren.

Neskak arnasa bota zuen. Gero, oinetako-zoruak igurtzi zituen sarrerako alfonbratxoan, baina haren buruak ezezkoa egin zion etxera sartzeko nire esk