: Anjel Lertxundi
: Gilles de Rais
: Alberdania
: 9788498686180
: 1
: CHF 6.80
:
: Philosophie
: Basque
: 114
: kein Kopierschutz
: PC/MAC/eReader/Tablet
: ePUB
Vincent antzerkilariak bizitza aldatuko dion bisita bat jaso du. Goi mailako bi militar dira. Karlistak omen. Arrotz egiten zaizkio aktore eta zuzendari frantsesari haien operetako uniformeak, are arrotzagoa haien gerra, iletratu basatien eta letratu usteen arteko kontutzat baitauka Pirinioen hegoaldean su eta gar dabilen liskar dinastikoa. Urrez erosiko diote borondatea militarrek, eta izenez ere apenas ezagutzen dituen nafar lurraldeetan barrena ibiliko da Vincent, antzerki-lan berariazko batez soldaduak gudurako adoretzen. Urrez erosiko diote duintasun artistikoa ere, militarren esanetara itxuraldatuko baititu Arc-eko Juanaren ibilerak, Karlos VII.aren kausaren alde. Baina Gilles de Rais mariskal pedofiloak Juanaren begietan bezala, Vincentek errai propioetan ezagutuko du -gutxien komeni zaion unean ezagutu ere- pasioaren sua, ez dakien arren zerutik ala infernutik ote datorkion. Eta ezagutuko du, une berean, antzerkiaren eta bizitzaren arteko mugaren lausoa.

Anjel Lertxundi (Orio, 1948). Hunik arrats artean (1970) ipuin bilduma izan zen argitaratu zuen lehen liburua. Bereak dira, besteak beste, Goiko Kale (1973; ALBERDANIAn, 2000), Aise eman zenidan eskua (1979), Hamaseigarrenean aidanez (1983), Carla (1989), Lurrak berdinduko nau (1990), Kapitain Frakasa (1991), Otto Pette (1994), Piztiaren izena (1995), Azkenaz beste (1996), Argizariaren egunak (1998, Euskadi Literatur Saria), Lehorreko koadernoa (1998), Zorion perfektua (2002), Ihes betea (2006), Zoaz infernura, laztana (2008), Etxeko hautsa (2011) eta Horma (2017) eleberriak, Konpainia noblean (2004) narrazio liburua, Letrak kalekantoitik (1996), Gogoa zubi (1999), Mentura dugun artean (2001), Eskarmentuaren paperak (2009, Saiakera Sari Nazionala) eta Paper-festa (2012) saiakerak eta Italia, bizitza hizpide (2004) kronika liburua.

I

Arotzaren mailukada laburrek bakarrik urratzen zuten lautadako isiltasun trinkoa. Eguzkia bidearen erdian, argia bera ere entzun zitekeen, basoan eta kanpamenduan ez baitzen txintik ere sentitzen mailukadez landa, nire aldian behingo aginduren bat salbu.

Zerraldo bat josten ari ginela esango zukeen itsu batek.

Halako batean, ordea, sekulako zalaparta entzun zen ibaiaren beste aldean baso sarriaren aldetik, eta kolpean irrintzika eta oihuka lehertu zen kanpamenduko isiltasuna ere.

Bospasei soldaduk, fusilak sorbaldetatik zintzilik zituztela, bi gizon zekartzaten erdi arrastaka. Haien atzetik, segizioan, bi soldadu fusilak pronto. Atxilotuek balantza egiten zuten sasoi beteko soldaduen erdian, bidearen nekea eraman ezin balute bezala. Ibai gaineko zubia zeharkatu zutenean, kanpamenduko soldaduak etorri berriekin elkartu ziren, eta, oihu eta txalo, soldaduak eta bi presoak inguratu zituzten. Jantokia izateaz gainera, igandetako mezak en­tzuteko eta ikuskizunetarako ere baliatzen zen karpa handi baten ondotik hartu zuten denek, eta handik hurbil zegoen txarrantxa-hesi bateraino eraman zituzten bi gizonak. Beste hiru gizon zeuden bertan, uniforme urratuekin eta egunetako bizarrarekin, ezin zarpailago. Haien ondora jaurti zituzten bi gizon atxilotu berriak.

Arotza haiei begira egon zen pixka batez. Arropengatik, zeinak urra-urra eginda baitzeuden, ezin antzeman zitekeen liberalak ziren edo karlista desertoreak. Kolore batekoak izan zein bestekoak, zorne bereko lupuak nire irudiko. Arotzak aurki galdu zuen atxilotuenganako ikusmina, eta mailuka hasi zen berriro ohol puska bat josten jauregi bateko hormaren itxura zuen egurrezko manpara pintatu batean. Jauregi bateko harmarri-itxura zuen oholak, eta gurutze baten formako arbola baten isla ikusten zen bertan grabatuta.

Oholaren oinean, hiru letrako kristograma bat:

IHS

Ezpata formako gurutze txiki batek hatxea erdibitzen zuen goitik behera.

Kanpamenduko buruak –general zabalkote bat– egun batzuk lehenago ikusi zuenean kristograma, haren mezua interpretatu zuen, harro eta latina baldar ahoskatuz, graduazio goreneko militarrez inguratua zegoela baliatuz:

–Iesus Hominum Salvator!

Kolpean, kopeta zimurtu eta hatxea erdibitzen zuen gurutze txikia seinalatu zuen.

–Zer egiten du hor ezpata horrek?

Apal itxurak eginez, esan nion hatxea erdibitzen zuena ezpata zela baina, aldi berean, gurutze bat.

–Arbolako gurutzearekin ez al da nahikoa? Zertarako nahastu ezpata eta gurutzea? Zer nahiago lukete liberalek; berriro ere esango dute santujaleak garela! –esan zuen tonu haserrean, areago inguruan zeukan jendea inpresionatzeko auzi hark axola ziolako baino.

Ez nion ezer erantzun. Nola esan generalari jatorrizko kristogramaren lema ez zela, mundu guztiak hala uste bazuen ere,Iesus Hominum Salvator, mende dezente lehenago asmatutakoIn Hoc Signo vinces baizik? Seinale honekin irabaziko duzu, ezpata bihurtzen den gurutzearekin, ezin esan garbiago. Nola esan general ezjakin bati ezpatak eta gurutzeak elkarrekin egin izan dutela bidea? Hori entzun izan balit, handik bost minuturako nengoen txarrantxaz hesitutako itxituran.

Arotza tentu handiz jaitsi zen esku-eskaileratik. Bi pauso eman zituen atzerantz, eta, begi bat erdi itxiz, harmarriarena egiten zuen ohol-puskaren galga onetsi zuen.

–Vincent! –deitu zidan, nire frantses izena euskal ahoskerarekin lardaskatuz–. Ea ontzat ematen duzun.

Oholtzaren albo batean nengoen ni, teloitzat erabili nahi nituen espartzuzko gortina batzuk atontzen. Bu