: Patxi Zubizarreta
: Eztia eta ozpina
: Alberdania
: 9788498684230
: 1
: CHF 3.60
:
: Erzählende Literatur
: Basque
: 146
: Wasserzeichen
: PC/MAC/eReader/Tablet
: ePUB
1990eko hamarkadan gaude. Gazte magrebtar askoren antzera, Selimek Maroko hitsa utzi, eta Paris distiratsura joatea desio du. Hantxe dago beraren Meka. Bidaia horretan eztia eta ozpina edango ditu halabeharrez: eztia, Esther gasteiztarraren eskutik; ozpina, Mendebaldeko errealitate gordinetik. Eta Selimen historia kontatzeko hiru ahots: gazte ma­gre­btar berarena, Estherrena eta garaitsu hartan gurean ezagunagoa zen mugalari batena. Historia bakarra hiru generoren bidez emana: kontakizun zuzena, egunerokoa eta erreportajea. Hiru ahots, hiru kontamolde historia zahar -bezain berri- baterako.

Marrakexeko ametsak


Urtero-urtero, uda partean, Imlileraino auto bakar bat iristen zen. Herriko haur eta gazte guztiok begiak bideari lotuak izaten genituen eta, halako batean, bidean gora hauts zirimola bat altxatzen nabaritzen genuenean, zeregin guztiak bertan behera utzi eta Mohamedi ongietorria egitera joaten ginen, zeren Mohamedena baitzen urtero-urtero, uda partean, gure herrixkaraino iristen zen auto bakarra.

Bidera oihuka eta ziztu bizian ateratzen gintzaizkion, eta orduan, berak, Renault dotorearen leihatilatik, Frantziatik ekarritako goxokiak botatzen zizkigun, “purra, purra!”, oiloei bezalaxe.

–Ea astopista hau behingoz garbitzen duzuen! –esan ohi zigun irriz karkailaka–. Hau al da herritarrak hartzeko modua?

Mohamed, gure anaia Abdelhadiren lagun mina zen, eta ni irrikatzen egoten nintzen haren berri izateko.

–Iritsi al da Frantziara? Iritsi al da? –galdegiten nion autotik jaitsi bezain laster.

Alabaina, Mohamedek lehen-lehenik Yamilarekin egon nahi izaten baitzuen (hari eskainiko zizkion urtean zehar gordetako musu guztiak; harentzat ekarriko zuen harribitxi edo zetazko zapi ederren bat), niri itxaroteko esaten zidan, beste batean lasaiago hitz egingo genuela, eta bien bitartean garbitu bat emateko bere auto hautsez beteari.

Lagunartean, oilarrak baino harroago egoten nintzen ni Mohameden begikoa izateagatik, niri beste inori ez baitzion aginduko autoa garbitzeko. Eta hura Yamilarenetik etorri artean eta garbiketari ekin aurretik, autoan sartu, bolanteari heldu eta, amets egiten nuen aurrena Marrakexerantz abiatzen nintzela, eta zikoinen antzera hurrena Gibraltarreko itsasarte entzutetsua zeharkatzen nuela, hurrenago Espainia osoa eta, azkenik, behin Frantzia-raino iritsirik, Mohamed bezala aberastu egiten nintzela…

Etxean, ostera, ez zuten Mohamed oso maite. Gure aitak, esate baterako,Alegorri alaena deitzen zion, eta uda oro opariren bat ekartzen zigun arren, aitak mespretxuz begiratzen zion. Eta niri ere hala moduz begiratuko zidan etxera lasterka heldu eta, pozaren pozez, Mohamed eta Abdelhadiren azken berriez mintzatzen hasiz gero, zeren bi izen haiek erabat debekatuta baitzeuden gurean.

Arratsaldero, Mohamedek toki ezkutu samar batera eraman ohi zuen Yamila, ni ahuntz eta antxumeekin ibiltzen nintzen ibarretik ez oso urrun, eta handik bikoteari zelata egitea atsegingarria zitzaidan. Nire gordelekutik, Mohamed Yamilaren gainean etzaten ikusten nuen eta, barre ttiki artean, jostatzen nola aritzen ziren. Hastapenean, Mohamedek neskaren adatsa laztandu, haren ileak korapilatu eta zertxobait xuxurlatzen zion belarrira; eta Yamilak batzuetan jotzeko mehatxua egiten zion, eta beste batzuetan musuka hasten zitzaion. Yamilak musu emanez gero, Beltzak, gure akerrak ahuntzekin bezalatsu jarduten zuen Mohamedek.

Ni luzaroan egoten nintzaien barrandan, harik eta eskutik lotuta joaten ikusten nituen arte. Orduan,