: Anjel Lertxundi
: Zoaz infernura, laztana
: Alberdania
: 9788498684056
: 1
: CHF 5.20
:
: Erzählende Literatur
: Basque
: 184
: Wasserzeichen
: PC/MAC/eReader/Tablet
: ePUB
Bikote harremanak aztertzen ditu Lertxundik eleberri honetan. Gehienetan, botere harreman bihurtzen dira harreman horiek, eta gaur egungo edozein egunkari hartzea nahikoa da ikusteko ez dela gutxitan gertatzen boteretsuenak bere boterea baliatzea ahulena umiliatzeko eta tratu txarren bidez otzantzeko.'Galdetzen dut: hitzekin -nire hitzekin, alegia- jaso dezaket emakumearen izaeraren isla bat, ez dakit zehatza, baina zehaztasunera hurbilduko dena?'. Honela aipatzen du eleberri honetako narratzaileak bere kezka, Rosaren barruan sartzeko gai izango den edo ez azaltzeko unean. Eta esan behar da maisutasun handiz lortzen duela eleberri honetako pertsonaia nagusiaren barne azpilduretan sartzea. Izan ere, generoko elementuak erabiltzeaz gainera -nobela beltzaren elementuak, intrigarenak...-, gaur gaurko kontakizun bat eraiki du Lertxundik, hizkera bizkor batean, eta gardentasun hotz bizi batez

Anjel Lertxundi (Orio, 1948). Hunik arrats artean (1970) ipuin bilduma izan zen argitaratu zuen lehen liburua. Bereak dira, besteak beste, Goiko Kale (1973; ALBERDANIAn, 2000), Aise eman zenidan eskua (1979), Hamaseigarrenean aidanez (1983), Carla (1989), Lurrak berdinduko nau (1990), Kapitain Frakasa (1991), Otto Pette (1994), Piztiaren izena (1995), Azkenaz beste (1996), Argizariaren egunak (1998, Euskadi Literatur Saria), Lehorreko koadernoa (1998), Zorion perfektua (2002), Ihes betea (2006), Zoaz infernura, laztana (2008), Etxeko hautsa (2011) eta Horma (2017) eleberriak, Konpainia noblean (2004) narrazio liburua, Letrak kalekantoitik (1996), Gogoa zubi (1999), Mentura dugun artean (2001), Eskarmentuaren paperak (2009, Saiakera Sari Nazionala) eta Paper-festa (2012) saiakerak eta Italia, bizitza hizpide (2004) kronika liburua.

 

1



Larrialdiei aurre egitekobalio zigun tabernak, gure diru-poltsanez zegoen tokia besterik, berorrek badaki, jauna, batzuk larrialdian bizitzeko jaiotzen gara, eta autobidea egin zutenean eta jakin nuenean taberna ondoko gasolindegi zaharra itxi behar zutela, nik hari heldu nahi, eta Tomasi esan nion, alokairuan hartuko dugu, herriko batzuk etorriko dira behintzat, eta Tomasek niri, ez al digu lan gehiegi emango?, baina nik alde on hori zuela, nahi genuenean itxi, nahi genuenean zabaldu, uzteko nire esku, eta eskatu nion jotzeko mesedezPor soñar lo imposible,eta Tomasek gustura jo zuen, baina haren ahoko soinua gustatzen zitzaidan niri eta ez ahoa, haren ezpainak beti zeuden-eta lehorrak, eta harmonika jotzen hasten zenean, mingaina pasatzen zuen ezpainetatik behiek hausnar ondoko lerdeak kentzeko bezala, elkarrekin egoten ginen aldiro ahoko soinua ateratzen zuen patrikatik, eta begi-keinu bat egiten zidan, eta gero beti jotzen zuen pieza bera, nik batzuetan lagundu ere egiten nion kantatuz eta horrela, baina ni ez naiz oso trebea kanturako, eta amak esaten zidan, herdoildutako txirrita bat dirudin, makina bat aldiz entzun behar izan nion hori, baina nik sentimendu handia jartzen diotPor soñar lo imposiblejotari, neuk esatea bete-betekoa ez bada ere, eta poliki irteten zitzaigun saioa, Tomasek esaten zidana, aingeruen modura ateratzen zaizu, ezta mojek ere hain ezti, eta laster egin ginen nobio, harritu egingo zaio berorri, baina ahoko soinuak eraman ninduen aldarera, eta elizan sartzerakoan organoa hasi zeneanPor soñar lo imposible soñé que tú me queríasjotzen, negar-zotinka lehertu nintzen ni tuntunantoni bat bezala.

Leihoetako pertsianekkanpoko argia moteltzen dute, ilunpe halako batek hartua du logela. Matrimonio-ohe batean, berrogei urte inguruko gizon kaskail bat dago etzanda, begiak itxita eta gerritik gora biluzik. Ohearen bi alboetako mahaitxoetako batean, harmonika bat. Argi motelduak, aldian behin, distirak eragiten dizkio harmonikaren estalki zuri nakarrezkoari.

Dutxa baten hotsa entzuten da hurbil samarrean. Tomasek begiak zabaltzen ditu. Begiradaren parez pare, bainugelako atea dago irekita. Emakume biluzi baten silueta erdi nabaritzen da dutxako gortinen atzean. Mugimenduengatik, xaboia kentzen ari dela esan liteke. Handik gutxira, gortinak korritzen ditu. Emakume deigarri bat, Tomas baino gazteagoa, irteten da askatik. Xukadera harturik, Rosa lehortzen hasten da; bularrak lehendabizi, alua segidan. Oso astiro egiten ditu mugimenduok, emeki, plazera bilatuko balu bezala igurtzialdi bakoitzean. Xukaderarekin alua lehortzen ari delarik, burua jiratu eta Tomas dagoen aldera begiratzen du.

Tomasen eta Rosaren begiradek triki egin behar zuten unean, Tomasek begiak ixten ditu. Rosak ez du zirkina ikusteko astirik izan, baina irribarretxoa ateratzen zaio.

Gorputza bainu-zapiarekin estalirik, logelara doa. Tomasek begiak itxita jarraitzen du. Izerditan dago.

Rosa ohe ertzean erdi etzaten da, eta bere gorputza gizonarenera hurbiltzen du. Eskua pasatzen dio gerritik, bular aldeko ile sarriak kiribiltzen dizkio hatz puntarekin, mingaina pasatzen dio ezkerreko titiburuaren inguruan. Gizonak besoak zabaltzen ditu, soseguz dago eta Rosari nahi duena egin dezan uzten dio.

Emakumeak jokoarekin segitzen du, hitzño atseginak esaten dizkio.

Tupustean, ordea, Tomasek erreakzionatu egiten du: modu bortitz batez, emakumea hartzen du eta musukatzen hasten zaio. Rosak aurpegia apartatzen du pixka bat. Irribarrez, eskua pasatzen dio masailean:

Triku batekin ari naizela ematen du, diotso emakumeak