: Irene Solà
: Begiak eman nizkinan eta ilunpeei behatu hien
: Alberdania
: 9788498688337
: 1
: CHF 10.70
:
: Erzählende Literatur
: Basque
: 204
: Wasserzeichen
: PC/MAC/eReader/Tablet
: ePUB
Mendi malkartsu eta ibili ezinen artean gorderik, Guilleries eskualdean otso-ehiztariak, bidelapurrak, basoan ezkutaturiko iheslariak, karlistak, belagileak, makiak, rally-pilotuak, mamuak eta deabruak baizik iragotzen ez diren ezleku urrun batean, lurrari kaparren moduan lotua ageri da mas Clavell delakoa. Emakumeak bizi dira, batez ere, etxe horretan, eta mendeetako oroitzapenak bildu dira hartara egun bakar batean. Senarra topatu orde egin zuen Joanak leinu itxuraz madarikatu bati hasiera eman zion hitzarmena. Betilerik gabe sortu zen Bernadeta eta hainbeste xarbot-ura isuri zioten ttikitan begietan non behar ez duena ere ikusiko baitu handik aurrera. Osorik beharrean, hiru laurdeneko bihotza du Margaridak, baina bizia eta suminkorra. Mihirik gabe sortu zen Blanca, ahoa habia hustua iduri, ez du hitzik egiten, behatu egiten du. Jaia ari dira egun prestatzen emakume hauek, eta beste batzuk. Ohiturik gauzkan bezala, hitz-jarioaren eman lasaia, erritmoaren eta umorearen zentzu bizia, ausardia formala eta irudipeneko giroak aurkezteko eta pertsonaiak hezurmamitzeko gaitasun aparta zurkaitz eta gidari dutelarik, hona hemen Irene Solàren nobela berria, argiaren eta ilunpearen, bizitzaren eta heriotzaren, ahanzturaren eta oroimenaren, errealitatearen eta alegiaren arteko bitasuna eta, aldi berean, batasun mina kontagai bihurtu dituen istorio uholde ezin joriagoa, ezin ederragoa.

IRENE SOLÀ (Malla, 1990). Arte Ederretan lizentziatua da Bartzelonako Unibertsitatean eta Literatura, Zinema eta Ikus-Kulturako Masterra du Sussexeko Unibertsitatean. Amadeu Oller Saria jaso zuen Bèstia poema-liburuaz (Galerada, 2012), eta ingelesez eta italieraz argitaratu da. Nik kantatu eta dantza egiten du mendiak (ALBERDANIA, 2020) eleberriak zenbait sari jaso ditu, besteak beste Anagrama Eleberri saria eta Europar Batasuneko Literatura Saria, eta, euskaraz gainera, hainbat hizkuntzatara itzuli da, hala nola ingelesa, frantsesa, italiera, nederlandera, arabiera eta turkierara. Dikeak (katalanez L'Altra Editorialek 2017an argitaratua ALBERDANIAk euskaraz, 2022an) da bere lehen eleberria, eta Documenta Saria irabazi zuen. Idazle egoiliarra izana da George Mason Unibertsitateko International Writers Center-en (Virginia), eta Writers Art Omi-Ledi House programan (New York) parte hartu du.

GOIZALDEA

gonosznak látszott, pedig esak öreg volt1

Morea zen ilunpea eta urduria, itxia, gorrimina eta urdina aldi berean, burrunbaria, nabarra, itsua, trinkoa, sakona eta distiratsua orobat. Brokatua zen harrez, adarrez, ikaraz, zainez, lohiduraz. Orban bereizezinak ziren ganbera hartako horma hanpatuak, sabaia, ohea, gau-mahaia, komoda, atea eta leihoa. Zirtaka sumatzen zen ilunpea. Inarroska, murmurika. Zurrungaka. Sudurreko zurrunga zen hura, motela eta lakarra. Karraska egin, irentsi eta ito. Ohea zen marruaren iturburua, eta haren erdian zegoen bultoa lo. Emakume zahar bat. Matanta bat. Itxirik zituen Bernadetak begiak, betazalak sugandilarenak, betilerik gabeak, ahoa zabalik, ezpainak ubel eta urtsu, eta ileak koipetsu eta luze, burukoaren gainean barreiatuak. Itsusia zen. Halaxe uste zuen behinik behin beste emakumeak, Margaridak; haren ondoan zegoen, zumezko kadira batean eserita, eskuak gonari eusten eta hatz lodiei eragiten.

Ohearen barrenean, parte gaiztoko aire-bafada irentsi zuen Bernadetak, zurrunga erlats bat erdizka joaten utzi eta eten egin zen arnasaren emana. Urubi baten kantua aditu zen kanpoan, isiltasuna gero. Hatz lodiak geldiarazi zituen Margaridak. Lepoa luzatu, emakume zaharrari begiratu eta harenak egin zuela pentsatu zuen une batez. Tenorea iritsi zitzaiola. Baina airea hartu eta hasperen egin zuen Bernadetaren ahoko leize ilunak, eta arnasari ekin zion berriro. Eta kadiraren bizkarraldean bermatu zuen Margaridak bere gorputza, hatzei berreragiten hasi bitartean. Xaharra zen, hexurra eta axala, etxetxori burua, begiak zorrotzak, ahoa irmoa, matrailak iharrak, lepoa zimela eta bizkarra konkortua. Errezatzen ari zen. Gau guztian errezoan, Margarida gaixoa. Otoitz egitea eta eragitea agindu baitu Jaunak. Baina otoitz eragin ezin zuenez, otoitz egiten zuen Margaridak, haren ahaideen mihia, baldin bazuten, itxurazkorik deus ere ezin esan zezakeen zokor puska izaki. Asko errezatzen zuen, Jainkoak goizago edo beranduago entzungo ziolakoan. Eta bereizi egingo zuen, horrenbeste bekaturen eta horrenbeste bekatariren artetik. Babespean hartuko zuen aitak besoen artean, eta «alabatxo» deitu, eta inoiz ez zuela gerizperik gabe utziko esango zion, ona baitzen Margarida, santua, eta barkatu egingo zion betiereko. Barkatu, egin zituenengatik, bai eta besteek egin zituztenengatik ere.

Bertan ez zirenen alde errezatzen ari zen, lehenik. Joan ondoren, itzuliak ez zirenen alde. Bere gizon Francescen alde. Bere seme Bartomeu, Esteve eta Guillaren alde. Bere aita Bernadíren alde. Martí el Tendre eta Martí el Coixen2 alde ez zuen otoitz egiten, berekin zer ikusirik ez zutelako. Etxeko emakumeen alde, gero. Bere ama Joanaren alde, xuhurra bazen ere, eta bere ahizpa Blancaren alde, bidetik urrundu bazen ere. Bere iloba Àngelaren alde, haren alde otoitz egitea alferreko ahalegina bazen ere, eta haren birbiloba Dolçaren alde, ama zuena bezalakoa izanik, infernuan usteltzea eta harrien azpitik oihuka sentitzea merezi bazuen ere. Eta, pentsa, Elisabeten alde ere ari zen errezatzen, askazi berekoa ez zuen arren, halako hiru balio baitzuen betiere Elisabeten aldeko aitagure bakoitzak. Bernadetaren alde ere egin zuen otoitz. Baina arbolatik erori fruitu ustelaren antzean lo zetzan emakume zaharraren begira zegoen, batez ere. Bernadeta hiltzeko unean, bertan egon nahi baitzuen Margaridak. Hiltzen ikusi nahi zuen. Jainkoaren grazia eta bedeinkapena ukatuko zitzaizkion unea bizi nahi zuen, deabruarekin askotan nahasi izan zelako.

Ilusioz egona zen Margarida bere heriotzaren begira. Eztanda distiratsu baten, loriazko espasmo baten moduan irudikatu zuen iragaitza, betiereko gozatuaren, aingeru armada bateko lauteen eta tronpeten airean iritsiko zen estasi itogarriaren antzean. Aleluia! Goretsiak bitez Goiko Jaunaren deseinuak! Laudatua, gure Kreatzailea! Hainbestetan hartua zuen gogoan non gertatua balitz bezalakoa baitzen hura guztia. Nola zabaldu ziren Zeruko ateak haren iragai­tzan. Nola kantatzen zuten kerubinek. Arrosa kolorekoak eta haragitsuak zituzten ahoak, belusezkoak matrailak, bozkarioz hezeak begiak. Oinutsik ibiltzen ziren eta urrezko koroak eta zetazko tunikak zeramatzaten, eta urrezko hariz lotuak zituzten tunikak bularraldean. Eta aingeruen artean zegoen Gure Jauna. Gure Jauna, Francescena zirudien begitartearen jabea, kokotsaren erdian zulotxo berbera, eta eskuak latzak eta eraztunez beteak, Margaridari aurpegia Francescek ezkondu ziren egunean bezala musu emateko heltzen ziotela. «Ongi Etorri Loriara», ziotson. Eta orduan, pozak ematen duen argi bizi dirdaitsuaren erdian Margaridak Jaunaren ahoa bere aitzinean zuela, Jaunaren begiak, koilarak bailira