1
Inpase garaiak
«Porrotaren autoritateaz hitz egiten dut nik», zioen Scott Fitzgeraldek. «Ernestek [Hemingwayk] arrakastaren autoritateaz hitz egiten du». Beren belaunaldiko bi autore gorenetakoak ziren. Idazle gehienok errazago identifikatzen gara lehenarekin. Egunerokoak ditugu errefusak, hausturak, ez-jakintasunak, paradisu galduak, etsipenak, era guztietako derrotak, eta ez idazle gisa bakarrik. Nik ere bai. Gure belaunaldiaz ere egin daiteke porroten katalogo oparoa: politikan, erlijioan, sorkuntzan, subjektibitatean. Fitzgeralden inpotentziak bere galtzapetik hasten ziren dirudienez. Hala aitortu zion Hemingwayri 1925ko apirilean Parisko Dingo tabernan bi idazleek lehen aldiz topo egin zutenean: bere emaztea ezin ase zuela kexatu zitzaion, txikiegia ez ote zeukan galdetzera ausartu zen. Perspektibako angeluaren arabera neurri desberdina zuela, erantzun besteak, goitik begiratuz gero denak direla txikiak. Hots, bi idazle sonatuen artean Zakilixuten tira bat osatu zuten. Angeluaren araberakoa zen dena, lehenak bigarrenean arrakasta besterik ez ikustea, eta bigarrenak lehenean porrota. Fitzgerald hil zen urtean hirurogeita hamabi liburu saldu zituen denera; urte berean Hemingwayri Nobel Saria eman zioten. Baina gaurko sentsibilitatea ezagutzeko orduan, lehenarenGatsby handia aipatzen da. Galtzaile eta irabazle, biak batera: perspektibak sortutako idazlearen lehen antinomia da.
Porrotaren eta arrakastaren arteko antipoda hauek badute zerikusirik nire Euskal Herriratze ondorengo berrikasketekin. Itzuli denarentzat lehen galdera izan ohi da: «Nola ikusten duzu gaurko Euskal Herria?». Kontuz ibili behar duzu zer erantzun. «Harrigarria da euskarak egin duen aurrerapausoa» edo horrelako sinplekeria bat botatzen baduzu, laster ikusiko duzu aurrean duzunaren aurpegian izua, ezertaz enteratu ez zaren seinale. Ez da bakarrik botila betea/botila hutsa dialektika. Porrota proiektatzea («Ia guriak egin du / badegu zeinek agindu») edo arrakasta proklamatzea («Irabazi, irabazi dugu!»), bera da estrategia oinarrizko bat. Aurreikuspegia egitean, hau errealitatearen parte bihurtzen da, maiz autobetetzen den profezia.
Ez gaude Iraultza garaian. Ez gaude Erreforma garaian2. Nire tesia da inpase garaian dagoela euskal politika eta gizartea, eta ondorioz momentuko euskal subjektibitatearen gunea ere inpasearena dela; iragan hurbilarekin eta geroarekin loturarik estuena izan arren,orainaren blokeoa da bizi duguna. Alde batetik, derrotan amaitu ziren gure belaunaldiko iraultza proiektuak; bestalde, nazionalismo historikoaren autonomismoak pott egin zuen mende honen hasieran; eta Euskalgintzan ere, halako lan itzelak gauzatu ondoren, etsipenaren zurrumurruak zabaldu dira. Nazionalismoak oro har lortutakoak, eta euskarak eta Euskalgintzan bereziki, demasak egiten zaizkio ia mende erdi atzerrian bizi izan den ni bezalako euskaltzale bati. Bi pertzepzio kontrajarri hauek maiz pertsona berdinaren esperientzian daude: euskal gizarte «hipermoderno» honen bitalitatea ikusirik, euskara eta euskaldunon lekua munduan inoiz baino sendoagoa da; eta bestalde «dena egiteko dago» diote batek baino gehiagok. Bi egoera kontrajarri aldibereko hauetan hasten dira euskaldunon bikoiztasunak eta kontraesanak. Gramscik, «porrotaren filosofoa» bezala ezaguna den idazleak, badu esaldi bat ondo adierazten duena gure egoera: «zaharra hiltzen ari da eta berria jaio ezinik dago»3.
Nire bigarren tesia da inpase hauek, nahitaezkoak izateaz gain, beharrezkoak izan direlaeuskal subjektu modernoak sortu ahal izateko. Hauen kudeaketa zuzenak inoiz ez bezalako oportunidadeak eskaintzen dizkiote euskal gizarteari aurrera egiteko. Nire argudioa da euskal blokeo kultural, politik