: Boris Pahor
: Nekropolia
: Alberdania
: 9788498688856
: Narrazioa
: 1
: CHF 11.00
:
: Biographien, Autobiographien
: Basque
: 268
: kein Kopierschutz
: PC/MAC/eReader/Tablet
: ePUB
Nobela autobiografiko paregabea da Nekropolia, XX. mendeko literaturaren maisulana. Eslovenieraz idatzia eta 1967an lehen aldiz argitaratua, 90eko hamarkadatik aurrera ezagutu zuen bigarren loraldi bat, italierara, frantsesera, ingelesera, alemanera, espainierara, katalanera eta finlandierara itzulia izan zenean. Liburu honekin, irakurlearen gogoa astintzen du Pahorrek, gerraren eta kontzentrazio-esparruen izugarrikeriak kontatuz, baina baita presoen elkartasuna eta gizatasuna agerian utziz ere. Bizirik atera denaren erru-sentimendua saihestu gabe, kontrara, bere gain hartuz, aurrera egiteko, irauteko, azken buruan bizitzeko irrika gailentzen zaio kontakizunari.

BORIS PAHOR Idazle esloveniarra, 1913an Triesten jaioa (garai hartan Austria-Hungariako inperioa, gaur egunean Italia). Eslovenierazko idazle handienetako bat da, 40 liburutik gora publikatutakoa. Erresistentzia antifaxistarekin kolaboratu zuen Bigarren Mundu Gerran, eta 1944an, judua ez izan arren, naziek preso hartu eta Dachauko kontzentrazio-esparrura eraman zuten lehenik, ondoren Natzweeiler-Strutnof, Mittelbau-Dura, Harzungen eta Bergen-Bergenera eramateko. Lortu zuen horietatik guztietatik bizirik ateratzea. 2022an zendu zen, jaioterrian berean, 109 urterekin.

Igande arratsaldea da, eta goiti mendietara doan asfalto zerrenda, leun eta bihurgunez betea, ez da nahi nukeen bezain bakartia. Aurreratu naute auto batzuek, beste batzuk ibarrera itzultzen ari dira, Schirmeck aldera; horrela, turisten trafikoak banal bihurtu du une hau, eta ez dit espero nuen bezala nire baitara biltzen utzi. Badakit ni ere nire automobilarekin prozesio motorizatu horren parte naizela, baina, halere, iruditzen zait bakarrik egotera, toki honekin izandako lotura estuari esker, nire presentziak ez zukeela desitxuratuko gerraren akaberaz geroztik nire kontzientziaren itzalpean ukitu gabe gordea dudan irudi onirikoa. Nire barnean errefus lauso bat sortzen sumatzen dut, ezin baitut onartu gure barne munduaren oinarri den eskualde menditsu hau orain irekia eta irisgarria izatea. Errefus horri jeloskortasuna nahasten zaio: turisten begi arrotzak gure presoaldi anonimoaren lekuko izan ziren paisaietan ibiltzen direlako baiki, baina, baita ere, haien behakoek (horretaz ez dut zalantzarik batere) sekulan ezin atzeman izanen dutelako doilorkeriaren nolako amildegira jaistera zigortu gintuzten giza duintasunean eta erabaki pertsonalen askatasunean sinesteagatik. Baina, aldi berean, auskalo nondik etorria, pittin bat destenorean, halako poza pizten da nire baitan, jakinda Vosgeetako tontorrak jada ez direla suntsitze urrun baten lurralde sekretua, baizik eta jendetzaren helmuga, galduriko seme-alaben patu pentsaezinari emozioen bidez antzeman gogo duen jendetza batena, nahiz eta haren imajinazioa aski heldua ez izan patu hori irudikatu ahal izateko.

Egia da, erromesak mendi sakratuetako malda pikoetan goiti eramaten dituen grina oroitarazten du bazterturiko toki menditsu honetarako igoerak. Baina erromesaldi honek ez du deus ikustekorik Primož-ek1 hain sutsu aurre egin zion gurtza motarekin, haren nahia baitzen esloveniar jendea barne fedeari lotzea, azaleko erritual jendetsuetan barreiatu gabe. Hemen, Europako herrialde guztietako jendea biltzen da mendi garai hauetako terrazetan, zeinetan gizakiaren zitalkeria gailendu zitzaion gizakiaren sufrimenduari, eta kasik ailegatu zen erabateko suntsitzeari behin betikotasunaren zigilua paratzera. Ez da gogoaren sublimazio bitxi bat gaur egungo erromesak hona ekarri dituena; lur egiatan sakratua zapaltzera etorri dira hona, omenaldia egitera berak bezalako lagunen errautsei, hauen presentzia mutuak historian mugarri higiezin bat eraiki baitu herrien kontzientzian.

Bihurgune meharrek ez bide didate gogora ekartzen orduan Markirch izena zuen herritik balantzaka zetorren kamioi hura, kutxa batean gure lehen gorpua zeramana. Ez nekien zeinen kutxatzar hitsaren gainean nengoen eserita eta, bestalde, haize hormatuak paralizatu eginen zukeen burutik igaro zekidakeen pentsamendu oro. Ez, ezin dut argi bereizi nire barneko irudietatik bakar bat ere, zeinak korapilo sarri eta zimurtu batean bildurik baitaramatzat, mahats zimeldu eta urdinduen mulko bat nola. Asfalto leuna ikusten dut autoko haizetakoaren beste aldean, eta, aukeran, nahiagoko nuke aurrean zuloz beteriko errepide zahar bat banu, iraganeko egiazko giroa egokiago iradokiko lukeena, baina, aldi berean, gidari modernoa naiz, gaizki ohitua eta egoista, azkar eta goxo ibiltzera jarria. Bide batez, hasi naiz bilatzen Esloveniako lurretan ba ote den Schirmecketik Struthof-era doan bide bihurri honen antzeko errepiderik. Berehala, sigi-saga dabilen Vršič portukoa bururatu zait. Han, baina, ikuspegia harrizko gailurrez osaturiko anfiteatro paregabe baten gainean hedatzen da, eta, hemen, falta dira gailur haiek. Kobarid-etik Drežnica-ra daraman errepide