: Francisco Castro
: Joan, Joana
: Alberdania
: 9788498688238
: 1
: CHF 7.60
:
: Kinderbücher bis 11 Jahre
: Basque
: 134
: kein Kopierschutz
: PC/MAC/eReader/Tablet
: ePUB
Joana jaio zenean, Joan zela uste zuten denek, eta hala inskribatu zuten. Joanaren ikastetxean futbol txapelketa bat egitekotan dira, eta badirudi zirraragarria izango dela, baina ez golengatik bakarrik. Joanak neska talde bat antolatzen du, baina ikastetxeko zuzendaritzak mutiltzat du bera, Joanak neska sentitzen dela behin eta berriz errepikatzen badu ere. «Jolas ordutik itzuli ginenean, egundoko istilua zegoen iragarki taularen inguruan. Nire ikasgelako mutilak, 6. A-koak, kortxoaren aurrean pilatuta zeuden, zalapartaka. Batzuek eskuak burura eramaten zituzten, irakurtzen ari zirena sinetsi ezinik. Beste batzuk barrez lehertu beharrean ari ziren, baina urduritasunagatik zen. Gehienak, hala ere, serio-serio zeuden. Seguru asko, ezer ez zutelako ulertzen. »Ni metro batzuk atzerago nengoen, eszenari begira, ni izan bainintzen orri hura ipini zuena eskolako iragarki taularen kortxoan. Ni nintzen han sortu zen iskanbila itzelaren arduraduna.»

FRANCISCO CASTRO (Vigo, 1966). Filosofian lizentziatua eta idazlea. Idazle gisa, obra zabala du, eta sari ugari jaso du. Bere liburuak hainbat hizkuntzatara itzuli dituzte, eta, euskaraz, Sinbad deitzen zidan (2018) eta Iridium (2019) gazteentzako nobelak argitaratu ditu, eta Isiltasun urte luzeak (2020) eta Barkuen hilerria (2021) helduentzako eleberriak, denak ALBERDANIAn.

OSTIRALA, MAIATZAK 21. 12 EGUN GERATZEN DIRA FUTBOL LIGA HASTEKO

Etxera itzuli ginenean, Berto, nire atzean esertzen direnetako bat eta etorkizunean eskolako ligan gol gehien egingo dituena, korrika hurbildu zitzaidan, beti bezala baloia besapean zuela.

–Ez dizuete lagako jokatzen, Joanita.

Beste bi zeuden berarekin, bat Montxo izena duena eta bestea Kevin izena duena. Bi horiek ere nire atzean esertzen dira. Atzekoak dira. Barre egin zuten. Ez ditut batere gogoko. Eskolako patioan sor­tzen diren borroka guztietan tartean sartuta ibiltzen dira beti.

Gauza horiek gertatzen direnean, nirekin sar­tzen direneanJoanita deituz eta horrela (hala amorraraziko nautelakoan), amak esaten didana egin nuen. Ez nien erantzun, eta pausoa bizkortu nuen. Uxia nire aurretik zihoan gure gelako neska batzuekin, eta harengana arrimatu nintzen.

Uxia nire lagunik handiena da. 11 urte dauzka, nik bezala (nik 12 egingo ditut datorren hilean) eta txiki-txikitatik elkarrekin gaude, hiru urte genituenetik, haren etxearen eta nirearen artean dagoen Haur Eskolara joaten ginenetik. Ni urbanizazio batean bizi naiz, itsasoaren aurre-aurrean, eta bera etxebizitza-eraikin gris handi batean, hondartzaren aurrean hura ere. Askotan geratzen gara, hondar­tzatik hurbil dauden basket pistetan, saskibaloian jokatzera. Eta patinatzera joateko ere bai, hondar­tzako pasealekuari pegatuta patinajeko pista handi bat dago eta. Edo jolas parkera joateko. Tira, jolas parkera jada inoiz ez gara joaten. Handiak garelako, eta zabuetan ibiltzea ez zaigulako ja dibertigarria iruditzen; eta, gainera, behin oso gauza itsusia gertatu zitzaigun gizon heldu batekin, nazkagarri hark barre egin baitzidan praken gainetik gona bat, Uxik utzi zidana, neramalako; tira, ez dut kontatzeko gogorik, baina, egia esanda, gona primeran geratzen zitzaidan. Motzean esateko, hizketan hasi eta haria galtzen dut-eta, Uxia lagun handia dudala.

–Gaur etorriko al zara gure etxera? –galdetu nion–. Pintura berriak dauzkat.

Ostirala denez, gure etxera etortzen utziko diote eta gurekin afaltzera geratzen ere bai, eta berandu oheratzen ere lagako diote, bihar eskolarik ez dagoelako.

–Bueno, kontserbatoriotik irtendakoan. Aitari esango diot zuenera eramateko.

Uxia oso buruargia da, bikain ateratzen du denean eskolan, eta kontserbatoriora doa. Perkusionista da; bateria eta zarata ateratzen duten tresna guztiak jotzen dituela esan nahi du horrek. Ni ez noa kontserbatoriora. Ez kontserbatoriora, ez beste inora ere. Arratsaldeetan etxean sartuta egoten naiz, estudiatzen-eta; Uxia sarritan etortzen da nirekin ikastera edo neu joaten naiz haren etxera bestela; edo patinatzera edo saskibaloira jokatzera joaten gara, baina ni ez noa eskolaz kanpoko jardueretara, estres ikaragarria ematen dutela esaten du-eta amak (horrelaxe esaten du, baina azkeneko s-a nabarmen luzatuz:estressssss ikaragarria). Bueno, zerbait egiten dut: astean bitan Rose etortzen da etxera nirekin ingelesa praktikatzera; neska ingeles bat da, hogei urtekoa, oso sinpatikoa.

Nik, ordea, patinatu egin nahi nuen, eskolan patinajea