: Juan Kruz Igerabide
: Ura saltoka Natura eta kultura jolasean
: Alberdania
: 9788498688078
: 1
: CHF 11.80
:
: Essays, Feuilleton, Literaturkritik, Interviews
: Basque
: 234
: Wasserzeichen
: PC/MAC/eReader/Tablet
: ePUB
Juan Kruz Igerabidek badu -liburu honetan esaten digun bezala, betidanik izan du- naturarekiko joera bat, jaidura bat, aldi berean izan dena jolasleku, bizigarri, egunerokorako ikasgai. Haur garaiko oroitzapenetatik hasita ('Hantxe gaude aita, ama eta hirurok iturritik edaten, nik lauzpabost urte besterik ez'), azkenaldion hunkitzen duen aktualitate gordineraino ('Hortxe gaude gizakiok zuhaitz taxonomikoaren bazter batean, guztien buru garela usterik'), nolabaiteko autobiografia sentimental bat, nolabaiteko kontakizun generazional bat, nolabaiteko historia natural bat osatu du Igerabidek, ohi duen gisan pasarte mamitsu, gogoeta hedatzaile, prosa ezin gozoagoz betea. Ovidio garaikide batek egingo lukeen modura, burmuina besteari irekia beti, galdu gabe sekula izpiritu kritikoa, jakinik jarrera hori dela gizakiaren eta naturaren arteko harremanak hobeki ulertzeko modu bakarra.

JUAN KRUZ IGERABIDE SARASOLA Adunan jaio zen (Gipuzkoa) 1956an. Zenbait urtean lehen eta bigarren hezkuntzako irakasle izan ondoren, Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle jardun da Euskal Filologia sailean. Mikel Laboa Katedraren zuzendaria ere izan da aipaturiko unibertsitatean. Haur eta gazteentzat idatzi du gehienbat, eta baditu zenbait lan helduentzat ere, hala poesian nola prosan. Besteak beste, Alberdania argitaletxean argitaratu ditu: Sarean leiho eta Mailu isila poema-liburuak, Egia hezur, Herrenaren arrastoan eta Noiz arte arrazoi aforismo-liburuak, Hamabi galdera pianoari eta Motoa gazte-nobelak eta Hauts bihurtu zineten eta Doneaneko alaba nobelak.

Harrien magia

Ez dakit zer duen harriak. Ursalton, errekako harri leunak biltzen nituen, poltsiko betean, galtzak erortzeko zorian, Erpurutxok bezala egiteko edo. Mesanotxearen gainean, haietako harri bat totem bihurtzen nuen, eta, nire bistara, tamaina aldatzen zitzaion: batzuetan, hain zen ñimiño eta hauskor, León Feliperen harri koxkorra bezala, Paco Ibáñezen ahotsean: «No la zu, harriño hori, nola zu, harri xapal hori, nola zu »; beste batzuetan, berriz, sukarraren eldarniotan nenbilenean esate baterako, hain izugarri ageri zen, hain erraldoi, hain mugiezin, Errolan-harri baten pare

Koxkortuago, Saturrarango apaiztegian ikasten egon nintzenean, atsegin nuen itsas bazterreko harri xapalak biltzea; batzuetan, Ondarroatik ur-korrontean zetorren galipotak edo itsasontzien bikeak orbandurik ageri ziren harri batzuk, laido baten antzera. Harrian bikea: laidoaren metafora egokia. Baina nik, ziri batez, laido hartan marrazkiak egiten nituen, ilunean argi egin nahirik edo, auskalo; ume baten burutazioak. Saiatzen nintzen amaren aurpegia marrazten, astetan hura ikusi gabe iraun beharrak eraginda noski, baina desitxuraturik irteten zitzaidan. Begiak itxirik, amaren hazpegiak oroimenean lausotzen ari zitzaizkidala sumatzen nuen, eta, izuturik, haren irudia ondo gogoan hartzen saiatzen nintzen. Harrian eginiko marrazki trebezia gutxikoari loreak gehitzen nizkion inguru guztian, Ama Birjinaren aura bat balira bezala, eta hala berdintzen nuen nolabait neure ezintasuna. Gero, harri marraztua hondar azpian hobiratzen nuen. Orduan ez nuen asko uste handik pixka batera, ez irudia, baizik eta benetako ama lurperatu beharko nuela, zokor musukatuak zerraldoaren gainera botaz.

Harrizko etxeak miresten ditut, harrizko eraikinak, harresiak, harrizko arkuak, harrizko bobedak, harrizko zutabeak, harrizko askak. Hiru txerrikumeen ipuinaren eragina izango da beharbada, nire nortasun ondo sendotu gabe honi zer egin beharko lukeen adierazteko modu bat edo. Harrizko eraikinetan geratzen dira gizakion arrastoak, harrietan gure lorpen eta loriak, harrien hondakinen artean gure ankerkeriaren oihartzunak, gure izugarrikeriak. Harriek erakusten digute, fosiletik fosilera, bizitzaren ibilbide ebolutiboa, eta ibilbide horretako zulo sakonak ere bai, misterio argitu gabeak, eboluzioaren teoriaren alde hauskorra eta osatu gabea agerian uzten duten milaka urtetako hutsune oraingoz azalpen sendorik gabeak.

Harritik harrira zeharkatzen ditugu errekak. Ibaiak, nekezago. Hala ere, garai batean, Adunako zubia artean eraiki gabe zegoenean, Oria ibaiaren alde batetik bestera Fernando Amezketarrak zapatari bat eraman omen zuen bizkarrean, ondorengo txiste-bertso eta guzti; azkenean, putzura bota omen zuen. Hala kontatzen dute, egia izan, asmazio izan. Gertatzekotan, lehorte-aroren batean gertatuko zen noski, bestela putzu handiak eta korronte borti­tzak biltzen dira-eta bihurgune hartan. Gerora, zubia eraiki zuten, eta ibaiari harrizko hesiak ipini zizkioten, bideratu eta argindar-zentralera eta torloju-fabrika berrira eramateko. Harria hesi, harria pasabide. Naturari aurre egiteko, harria erabili dugu gizakiok, besteak beste. Teknologiaren eraikina bera ere berebiziko «harrikaden» pilaketa da. Teknologiaren «harrizko bobeda» hain sendo eraikian pitzadura larriak ageri dira, baina guk segi «bobeda teknokogikoak» jasotzen, gora eta gora, Jainkoarengana heltzeko mugarik ere ez duen Babel berrian. Bide batez, zer nolako homofoniateknologia hitzaren etateologia hitzaren artean. Batak bestearen garapena dirudi. Ingeniari askok barre egingo dute, jakina, beren jainko-ustean.

Harri-jasotzeak gizakiaren ahala erakusten du, eraku­tsi nahi du. Benetan erakusten duena, ordea, ezina ote den nago. Jentil baten ikuspegitik, esate baterako, harri-­jasotzea gixakion ahuleziaren adierazpena baino ez litzateke, tona bat beso artean altxatzeko ere ezgau