: Sandra Labastie
: Tximeleten eternitatea
: Alberdania
: 9788498685374
: 1
: CHF 5.90
:
: Erzählende Literatur
: Basque
: 160
: kein Kopierschutz
: PC/MAC/eReader/Tablet
: ePUB
'Urtarrilaren lehenean, munduaren azkeneko urteko lehen egun honetan, zerbait berezia gertatu da gure artean, hautatuon artean. Udaberrian gertatzen den bezala izan da, pozik jartzen zarela zergatik jakin gabe. 'Sufrikarioen azkeneko urtea da', esan zuen aitak. Aurki sufrimenduetatik libre izango gara'. Gizadiaren azkena izatekoa den urtearen aroak pasatzen dira hamahiru urteko neskatila baten begien aurrean. Bibliaren araberakoa du eguneroko bizitza (testuak ikastea, tenpluan biltzea eta kaleetan predikatzea), baina nerabea, 'kanpoko munduaren' burlen eta pubertaroaren erasoen artean harrapatuta, daraman bizimoduaz galderak egiten hasiko zaio bere buruari pixkanaka-pixkanaka, etxean sartu den hiztegi baten laguntzaz. Jaungoikoak hautatuen poztasun bitxiak arakatzen ditu eleberriak, eta neskatila baten ahots xaloaz mintzo zaigu giza kondizioari dagozkion obsesio eta beldurrez, baina baita ere itxaropenik gabeko bizitza batean aurrera -eta argirantz- egiteko gaitasunaz. Sinesmena eta eromena bereizten dituen mugetan barneratzen da Labastie, ausart bezain zorrotz.

SANDRA LABASTIE 1969an jaio zen, eta Biarritzen bizi da. Muturreko heziketa erlijiosoa jasan eta gero, Hizkuntzalaritza ikasi zuen (París IV Sorbonne) eta Erlijioen Historia (École Pratique des Hautes Etudes). 1993an Errusia eta Kazakhstanera joan zen, sobietar sistemaren ondorengo kaosean, pentsamolde baten desegitea aztertzeko. Gero, albistari eta itzultzaile gisa jardun du. Bost eleberri (horien artean, Petite anthropologie du pied, 2010; Nous n'irons pas à Hollywood, 2006, eta Le rire de l'esclave, 2004) eta irratirako lau obra idatzi ditu. Sorkuntzarako bi beka jaso ditu, Frantziako Liburuaren Zentro Nazionalak emanak. Eleberri hau 2015eko Frantziako Irakurleen Sarirako hautatu zuten.

 

Negua

Hiztegia

Amari ez zaio gantza gustatzen. Guztiari kentzen dio gantza. Janaria hozten du, gantza azal zuria bihur dadin, eta gero koilara batez kentzen du. Munduaren bukaerako nahigabeek eta penek fedea agerian uzten duten bezala, hotzak agerira ateratzen du gantza.

Azkeneko denboralean barku bat hondartzan trabaturik geratu zen, hondoa jota. Batzuetan amets egiten dut ontzira igotzen naizela, gauez, aita eta amarengandik ezkutuan, eta han geratzen naizela bizitzen. Inolako betebeharrik ez dut han. Inork ez nau ikusten, eta nik ere ez dut inor ikusten. Eta orduan euria goian behean hasten dela imajinatzen dut, eta euri jasak ur oldea sortzen duela eta barkua arrastaka eramaten duela itsas zabalera. Bakarrik nago eta urez inguratua, Noe bere arkan bezala. Hamabi urte ditut, eta erantzukizun gehiago ez izatea gustatuko litzaidake.

Sarritan, amak janari berri bat aurkitzen du, osasunerako bereziki ona dena. Esaten du sasoian egon behar dugula datorkigunerako, eta nik nola jaten dudan begira egoten da, irribarretsu. Orain Konbutxa landatzen du. Onddo bat da, Asiatik datorrena, eta akuario batean hazi behar da, te azukreztatutan beratzen jarrita. “Edari honek propietate miresgarriak ditu”, esan zuen saltzaileak. “Zientifikoki frogatuta dago”, erantsi zuen segidan. Ordudanik, aitak, amak eta hirurok goizero hartzen dugu Konbutxa basokada txiki bat.

Artzainaren emazteak Dolores izena du. Emakume guri-guria eta goxoa da; esku txikiak ditu, txuri-txuriak, esnetan beratuak balitu bezala. Motots baxu bat darama beti, estu-estu bilduta. Batzuetan ama eta bera elkarrekin joaten dira azokara. Doloresek ez du onddoa mazeratzen jartzen, eta artzainagatik da, hari arraro egiten zaiolako; baina gure etxera datorrenean amak basokada bat ematen dio beti. Aperitiboa hartuko bagenu bezala da. Filmetan ikusia dut nik hori. Jendea elkartzen denean, aperitiboa hartzen du. Guk ez dugu alkoholik hartzen. Txarra da espirituarentzat.

Baratze bat daukagu. Aitak esaten du inoren beharrik ez izatea litzatekeela ideala. Udan tomateak, letxugak, piperrak eta marrubiak izaten ditugu etxean. Ezin gara bizi hori bakarrik janez, noski, eta supermerkatura joan behar izaten dugu halabeharrez. Doloresek ere badu baratze bat. Amak eta berak aholkuak ematen dizkiote elkarri, frutak eta barazkiak ondo hazteko. Baratzeko kontuez berriketan jarduten dute eta munduaren akaberaz ere bai. Amak esaten du munduaren bukaera, gero eta hurbilago duguna, negu luze baten modukoa izango dela eta landarerik ahulenak suntsituko dituela, baina isilpean beste landare batzuk bizirik aterako direla hondamenditik, landare apalagoak, zuhurragoak, gogorragoak gaitzaren aurrean. Landare horiek gu gara. Negu luzea, Jainkoaren borondatea.

Atsegin dut negua. Babespean jarri daiteke bat. Batzuetan, nahi gabe ere jartzen naiz babespean. Tenpluan, adibidez. Senideei entzuten egoten gara orduetan, mugitu gabe, zurezko aulkietan geldi. Aulki gogorrak dira, eta gorputza tente eduki behar da. Zaila da, baina gogoko dut kongregazioko senideekin denbora-pasa egotea. Aita eta ama irribarretsu eta lasai egoten dira. Familian gaude han. Hala ere, batzuetan ni desagertu egiten naiz isil-isilik. Barkua hondartzan trabatuta geratu zenetik burua hara joaten zait, eta imajinatzen hasten naiz neure bizitza nolakoa litzatekeen ontzian. Euriak urrun eraman du, eta ni planetan zehar nabigatuz noa. Jateko arrantzan egiten dut, eta euri-uraz asetzen dut egarria. Inork ez daki non nagoen. Batzuetan, barkuan, beldurra izaten dut, hantxe ni bakarrik, gauez. Orduan kapitainaren kabinan sartzen naiz, eta atearen aurrean jartzen dut idazmahaia. Min egingo didaten beldurrez egoten naiz beti. Etengabe pentsatzen dut horretaz, ondo baitakit zer gertatuko den. Jainkoak gu hautatu gaitu eta badator munduaren bukaera; gero eta hurbilago dago. Besteak gure kontra jarriko dira eta min handia egingo digute. Gorroto gaituzte jadanik, eta azkeneko gerra hasi