: Guy de Maupassant
: Vendetta eta beste ipuin batzuk
: Alberdania
: 9788498685312
: 1
: CHF 7.40
:
: Erzählende Literatur
: Basque
: 114
: kein Kopierschutz
: PC/MAC/eReader/Tablet
: ePUB
Guy de Maupassant da France profondeko izaera sakona modu fidelenean jaso eta deskribatu zuen idazlea. Gustave Flauberten miresle eta laguna, le mot juste bilatzea zen Maupassantentzat ere idaztea, eta modurik naturalenean -hau da, zehatzenean, bisturi batekin bezala- marraztu zuen Frantziako errealitate kultural iraunkorra, bertako pertsona eta paisaia partikularren bidez aztertu zituen mendekua edo inbidia edo gorrotoa bezalako irrika unibertsalen mekanismoak, guztiak ere bertako pertsonaien psicologie pronfondeko sakoneran obserbatu eta deskribatuak. Hori lortzeko, naturalismoak le mote juste du giltzarri, eta zapatak oinaren neurrikoa behar baitu, Maupassantek zehaztasuna bilatzen du ipuin bakoitzeko hitz eta paragrafo guztietan.

GUY DE MAUPASSANT (Normandia, 1850 - Paris, 1893). Flaubert handiak babestu zuen Guy gaztetan, Frantziako literatur mundurako sarbi-dea erraztuz. Aurkeztu zizkion, adibidez, Turgénev, Zola eta Goncourt anaiak, eta egunkarietako ateak ireki zizkion. Hainbat eleberri idazti bazuen ere, ipuinlari gisa da maisu. 1880an argitaratu zuen bere lehen narrazioa, 'Boule de Suif' ('Mari Gizen', Igela, 1998). Arrakasta handia izan zuen, nahiz eta ohorekiko uzkur jokatu asko-tan. Zoroetxean hil zen, sifiliaren ondorioz burua zeharo nahastuta.

VENDETTA

Paolo Saveriniren alarguna semearekin bizi zen etxe txiro batean, harresien ondoan, Bonifacio-n. Hiria, mendi hegal baten gainean eraikia, are itsas gainean zintzilikatua zenbait puntutan, begira dago, uharriz jositako itsasartearen gainetik, Sardiniako kostarik beherenaren aldera.

Haren oinetara, beste aldera, ia osorik ingurukatuz, korridore erraldoia dirudien labarraren ebakidura batek portutzat balio dio, eta handik sartzen dira, bi murru malkartsuen arteko ingurubira luze baten ondoren, arran­tza ontzi txiki italiarrak eta sardiniarrak; eta, hamabostean behin, Ajacciotik zerbitzua egiten duen bapore zahar arnas­-behartua.

Mendi zuriaren gainean, etxeek, piloan, areagotu egiten dute orban zuria. Hegazti basen habiak dirudite, dilindan harkaitzean ezarriak, itsasontzirik apenas abenturatzen den pasaleku izugarri hura ikusmenean dutelarik.

Haizeak atsedenik gabe erasaten du itsasoa, erasaten du kostalde biluzia, belarrez ozta-ozta jantzia, berberak higatutakoa; itsasartera oldartzen da gero, zeinaren bazter biak suntsitzen dituen. Apar zurizko uberak, olatuak handik eta hemendik ebakitzen dituzten harkaitz beltz elemeniaren puntetara atxikiak, oihal zirtzilak dirudite, igeri eta dardara, ur azalean.

Saveriniren alargunaren etxeak, labarraren ertz-ertzari eratxikiak, hondamenezko uhartze basa honixe zabaltzen zizkion bere hiru leihoak.

Han bizi zen, bakarrik, seme Antoniorekin eta zakur--eme Txinpartekin. Animalia handi argala zen zakurra, ile motz eta lakarrekoa, abere-taldeak zaindu ohi dituen arraza horietakoa. Mutilak ehizarako erabiltzen zuen.

Arrats batean behin, gatazkaren bat medio, Nikolas Ravolati-k, Antonio Saverini doilorki hil zuen labankadaz eta, gau hartan bertan, Sardiniara alde egin zuen.

Ama xaharrak, bere semearen gorpua, parean bidezko tokatu ziren batzuek ekarria, jaso zuenean, ez zuen negarrik egin; baina luzaro mantendu zen geldi-geldi begira; ondoren, hilotzaren gainera esku zimurra luzaturik,vendetta agindu zion, mendekua, bengantza. Ez zuen berarekin inor ere gera zedin nahi izan, eta gorpuaren aldamenean itxi zen, zakurrarekin batera intziri eta ulu. Animaliak etengabe egiten zuen ulu ohearen oinetan, burua bere nagusiarengana jiraturik, buztana hanken artean tinkaturik. Ez zuen zirkinik ere egiten, ezta amak ere. Honek, gorpuaren gainera makurturik, begi biak tenk, malko lodi mutuz ari zuen negarra so eta so.

Gizon gazteak, ahoz gora, kolkoan zulatutako eta zarrastatutako oihal lodizko zamarraz jantzita, lotan zirudien; odola zeukan, baina, alde guztietan: lehen sorospen lanetarako erauzitako alkandoran, barruko elastikoan, aurpegian, eskuetan… Odolbilduak gatzaturik zeuden bizarrean eta ileetan.

Ama xaharra hizketan hasi zitzaion. Hitzen zaratotsera, zakur emea isildu egin zen.

–Aizak, aizak, mendekatua izango haiz, ene pittin, mendekatua izango haizenez, ene seme, ene umetxo gaixo hori. Egin ezak lo, looo…, mendekatua izango haiz, aditzen didak? Hire amak dik agintzen! Eta hire amak, ondo asko dakik hik, beti konplitzen dik emandako hitza.

Eta, polliki-polliki, gainera makurtuago zitzaion bere ezpain hotzak haren ezpain hilei erantsiz.

Txinpart orduan intzirika hasi zen berriro. Intziri l