: Irène Némirovsky
: Birjinak
: Alberdania
: 9788498686579
: 1
: CHF 11.80
:
: Erzählende Literatur
: Basque
: 200
: kein Kopierschutz
: PC/MAC/eReader/Tablet
: ePUB
Liburu honek Némirovskyren hamabi kontakizun argitaragabe edo aurkiezin biltzen ditu. Horietako zazpi Okupazio garaian idatziak dira. Satirarena da bere idazteko artea, mingostasunez eta kezkaz tindatuta badator ere. Jadanik esaneko ez den patuak eraitsitako emakumeak ageri dira, beren garaipenez indarrez gabetutako gizonezkoak, joandako denboren nostalgian hondoratutako amak, herentziaren madarikazioak oinazeturiko seme-alabak... Némirovskyren ironiak hondamendia eragiten du kontakizun hauetan, denboraz aurretik ohartarazten gaitu hondamendiaz. Autorearen talentuaren labur bilduma dago liburu honetan.

Irène Némirovsky(Kiev, 1903- Auschwitz, 1942). Familia judu aberatsean jaio zen. Uda guztietan Némirovskytarrak Biarritzera, Donibane Lohizunera edo Hendaiara etortzen ziren udatiar. Gurasoek herriko jauregi edo etxalde eder bat hartzen zuten, eta Irène ostatu xume batera bidaltzen zuten zaintzaile batekin. Zaintzaile harekin ikasi zuen Irènek euskaraz. II. Mundu Gerra piztu zenean, Frantzian geratu zen, eta judu izateagatik sasian ibiltzera behartua egon zen. Frantsez poliziak 1942ko uztailan Frantzia okupatuan atxilo hartu eta Auschwitz-era eraman zuten. Odolaren suaz gain euskaraz irakur daitezke Nemirovskyren liburu hauek: Dantzaldia, Arimen maisua, Suite frantsesa eleberriak eta Birjinak kontakizun bilduma.

Zine mintzatua

Berbaro nahasi eta sorra entzuten da, bat-batean puztuz eta hurbilduz datorrena, itsasoko olatuak bezala. Euria ari du. Eraikin garaiak itzal eta lanbro artean murgildurik ageri dira; automobil izugarri handi baten faroak gandua zulatuz igaro dira; espaloi bustiek eta Operaren teilatuak euritan distiratzen dute ispilu goibelak irudi. Paris da, martxoko azken egunetan, ilunabarrean. Argiak ziztuan pasatzen dira batera eta bestera eta ez da ezer bereizten suzko izpi sorten zaparrada besterik. Gero hitzak, beti berberak, sortzen, hurbiltzen eta orro bihurtzeraino ozentzen dira; dardarka iristen dira euria zeharkatuz. Barra, Hotela, Dantzalekua. Klaxonen orroak baretzen diren bezain laster, kalea beltz agertzen da, hutsik, bustita. Letrak goitik behera piztu eta itzali dabiltza. Willy’s Bar. Ateak haizegailuaren burrunba egiten du jiratzean. Aretoa, txikia eta sakona, ispiluz apaindua dago, eta belusezko sofaz eta mahaiz altzariztatua. Aretoaren erdian, taburete batean eserita, beltz bat sordinaz jotzen ari da. Euri hotsa entzuten da atea zabaltzen den bakoitzean eta, betiere, banjoaren kirrinka ahula; beltzak txistuka dihardu, ezpainak estututa, ia entzuten ez zaiola, burua alde batera makurtuta, zerbaiti adi dagoen txoria bezala. Laurak jo dute. Barraren atzean, jabea egunkaria irakurtzen dago, erdi lotan. Hainbat emakume daude tabureteetan eserita. Etsimena nabari dute aurpegian, nahigabea, aspertasuna. Batzuk erdi lo daude, izter-artea agerian, zigarroa hortzetan dutela.

Emakume lodi titihandi bat, gizonezkoentzat egina dirudien jakadun trajea estu-estu geratzen zaiola, lepoaizun gogorra, zigarroa ezpainetan, trikotatzen ari da buru-belarri. Emakume txiki batek, taburetearen gainera igota, cocktail bat zurrupatzen duen bitartean, atzaparrekin eusten dio bere perlazko idunekoari, txakurkume baldar batek aurreko hankekin butakaren xingolei heltzen dien bezalaxe. Beste emakume gazte bat dadoetan jokatzen ari da barmanarekin. Beste bat, iharra, bizkar makurra, eztulka dago. Dena lasai, dena isilik. Familia-ostatu bat balitz bezala. Emakume nano bat, lorez apainduriko kapela handi batek bere ilaje margula estaltzen diola, iduneko soil arlote batekin, jarrera limurtzailean ageri da. Bat-batean entzun da: “Kaka! Sarah andrea”. Andrea bi neska gazte-gazteren artean eseri da, poltsa mahai gainean utzi eta nesketako bati zuzendu zaio sorgin aurpegiarekin:

–Ez badakizu ere, neskato, ez da izan batere jatorra, ez da izan batere serioa zure portaera… Neuk aurkitu dizut, Jainkoak daki zenbat kostata, goitik beherainoko jaun bat, jaun aberats bat, adinekoa, errespetagarria, eta zuk itxaroten eduki duzu nire etxean arratsalde guztian. Jakin liteke zer dela eta jokabide hori?…

Neskak, oso gaztea, ukabilaren tamainako aurpegia, ardiarenak bezalako begi luze hezeak, ahapeka erantzun dio:

–Higuingarriegia iruditu zait hau ere…

–Aizu, txiki, hau egin badut zuri laguntzearren izan da, badakizu, ezta? Baina zuk zor didazuna ordaintzeko beste moduren bat aurkitu baduzu…

–Lasai, itzuliko dizut zeure dirua…

–Oiloak pixa egiten duenean? Hor konpon, zure lagunarekin hitz egingo dut…

Neska ikaratu egin da; burua makurtuz, ahapeka diotso:

–Ez, ez, joango naiz, baina…

–Ondo dago, egizu gogoak ematen dizuna. Zer i